- Bizkaia Open Future_ programa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Telefónicaren ekimen bat da, lurraldean industria transformatzen laguntzera bideratua
- Deialdia, ekintzaileei, startupei, enpresa txiki eta ertainei eta erakunde eta instituzioei zuzendua, datorren otsailaren 27ra arte egongo da irekita, honako webgunean: www.openfuture.org
- Jasotako proiektuen artean 5 eta 10 artean hautatuko dira, eta horiek Bizkaia 4.0 Immersion Trip lehiaketan parte hartuko dute; gainera, irabazleak sari gisa benetako pilotu bat egiteko aukera izango du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoarekin
ESIak Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónicak sustatutako Bizkaia Open Future_ ekimenean parte hartuko du –lurraldeko industria-sektoreari 4.0 Industriaranzko iragatean laguntzea du helburu ekimenak–. Horretarako, gure erakundeak honako erronka planteatu du: nola lagundu dezakete teknologia berriek bizitza-ohitura osasungarriak sustatzen? Eta ekintzaileak, startupak, enpresa txiki eta ertainak, erakunde eta instituzioak eta abar erronka horri erantzuteko proposamenak aurkeztera animatzen ditu. Datorren otsailaren 27ra bitartean izango dute horretarako aukera, webgune honetan: www.openfuture.org
Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIaren (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea) berariazko helburuetako bat oso osasungarriak ez diren ohiturak dituzten herritarrak identifikatzea da, haien ohiturak eta etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzeko, eta horrela beren osasunerako praktika on bihurtuko diren neurriak bilatzeko. Azken finean, erronkaren helburua gizartea lehen sintomen aurrean erreakzionatzeak duen garrantziaz kontzientziatzea da, eta gaixotasun bat duten pazienteak kroniko bihur daitezen saihestea, horretarako beren osasuna kudeatzen eta aldatu beharreko bizimoduak aldatzen lagunduz.
Jasotako proposamenen artean 5 eta 10 artean hautatuko dira eta horiek Bizkaia 4.0 Immersion Trip lehiaketan parte hartuko dute. Saria Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldean hiru eguneko bidaia bat egitea izango da. Lehiaketa horretan, zuzenean izan ahalko dute, erakundeetako arduradunen bidez, erronkaren helburuen eta problematikaren berri, Bizkaiko erreferentziazko instituzioak bisitatu ahal izango dituzte, industriekin eta ekosistema ekintzaile eta berritzailearekin bilerak izan ahalko dituzte, eta jarduera kulturalez eta gastronomikoez gozatzeko aukera izango dute. Ondoren, irabazlea eta finalistak aukeratuko dira. Horiek lau hilabete inguru iraungo duen Bizkaia Open Future_ azelerazio-programan parte hartzeko aukera izango dute.
Era berean, proiektu irabazle bat hautatuko da; saritzat benetako pilotu bat egiteko aukera izango du, Bizkaiko Foru Aldundiaren 20.000 euroko laguntza ekonomikoarekin, eta baldintzak betetzen baditu, foru-erakundeak enpresa berritzaileak sortzera eta proiektuen berrikuntza eta nazioartekotzea bultzatzera zuzendutako laguntzak jasotzeko aukera izango du.
Bizkaia Open Future_ industria orokorrera zuzenduta dago, Bizkaiko sektore lehenetsiei arreta berezia jarriz: aeronautika, automobilgintza, energia… Bizkaia Open Future_ programa, gainera, talentu ekintzaile digital berriaren –dela bertakoa dela nazioartekoa– eta lurraldeko industria-enpresen arteko lotura izatera bideratuta dago.