5. solairuan dagoen Pediatria Zerbitzuko pasabidea San Mamés Barria izan da egun batez, eta ingresatuta dauden umeek baloia jokatuko dute Nico Williams, Óscar de Marcos, Jone Amezaga, Clara Pinedo, Ohian Sancet eta Ane Azkonaren aurka.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak eta Athletic Fundazioak egindako akordioaren emaitza da ekimena, arreta sanitarioa humanizatzen laguntzeko xedearekin. Aipatutako lankidetza 2016. urtean hasi zen eta horren ondorioz azken urteotan askotariko jarduketak egin dira arreta eman behar zaien umeen egoera ahalik eta atseginena izan dadin.

Athleticeko jokalariek ospitaleratuta dauden umeei Gabonetan egiten dieten bisita tradizionalaz gain, ekimen puntualak egin dira: esate baterako, Athleticen jokalarien mila kamiseta baino gehiagoko dohaintza baliatuz, klub zuri-gorriak kamiseta horiek berrerabili zituen eta ingresatuta dauden txikientzako amantal bihurtu zituen; halaber, klub zuri-gorriaren 150. urteurrenaren harira, 2023an adur-zapiak eman zizkien jaioberri guztiei.

Pediatriako Larrialdietan jarduketa

Larrialdietan ematen zaien arreta ahalik eta atseginena izan dadin, Athletic Fundazioak eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak adostu zuten Pediatriako Larrialdietako gela eta korridoreetako dekorazioa egokitzea irudi edo marrazki hezigarri eta alaiekin, kirol-jarduna bultzatuz eta betiere kolore atseginak erabiliz.

Material sanitarioa egokitzea eta sariak.

Pediatria-arloetan etengabe erabiltzen dira tresna sanitarioak (orratzak, serumak, aposituak, bendajeak eta ferulak), baina umeen artean ikara eta antsietatea eragiten duten elementuak izan ohi dira. Horrexegatik, horiek itxuraldatuz eta atseginago eginez lortu da hobeto egitea aurre estualdiari, eta nota altuz gainditzen laguntzen diegu.

Horiek horrela, ospitaleko pediatria-arloetan maiztasun handienarekin erabiltzen den material sanitarioa kirol-gaia oinarri hartuta egokitu zen: xiringak, aposituak, serumak, bendajeak, ferulak, etab. Hala, intsignia-formako pegatinak eta tatuajeak egin ziren indarberritzeko mezu positiboekin, sari gisa emateko osasun-langileak jardutean umeek erakutsitako ausardiagatik.

Gure erakundeko pediatria-arloetan guztira 819.287 pazienteri ematen zaie arreta; izan ere, Ezkerralde-Enkarterriko pazienteei arreta emateaz gain, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzua Uribe eta Barrualde eskualdeetako erreferentzia-zentroa da. Ildo beretik, aipatzekoa da espezialitate batzuetan (esaterako, giltzurruneko transplantean, sortzetiko kardiopatian, sortzetiko metabolismo-akatsetan eta haurren minbizian) Euskal Autonomia Erkidego osoko eta hurbileko beste erkidego batzuetako pazienteei ematen zaiela arreta.

Azken urteotan, askotariko ekimenak egin ditugu erakundean egunero artatzen ditugun ume eta nerabeei ematen diegun arreta humanizatze aldera.

Noticia anterior2023ko Gabonak
Noticia siguienteGurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta [H]ARTE fundazioak Alberto Palomera diziplina anitzeko artistaren “Ospakizuna” erakusketa aurkeztu dute