Herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute bizkarreko eta lepoko minean zentratutako arreta –min hori desgaitasunaren eta lanerako ezintasunaren kausa izan ohi da–; beraz, Osakidetzak fisioterapia-zerbitzuaren eredu berri bat abiarazi du lehen mailako arretan. Eredu berria osasunaren prebentzio eta sustapenean oinarrituta dago. Gainera, ikuspuntu komunitario bat du (gertuko-zerbitzua eskaintzen du, itxarote-denbora motzagoekin), pertsonen bizitza hobetu nahi du eta pazienteak errehabilitazio-zerbitzuetara sartzeko prozesua ordenatu nahi du.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Buenavistako (Portugaleteko eta Santurtziko pazienteentzat), Trapagako eta Arangurengo (Enkarterriko pazienteentzat) osasun-zentroetan jarri du abian eredua. Talde-dinamikei esker, lehen mailako arretako fisioterapia-zerbitzua emaitza bikainak lortzen ari da parte-hartzaileen gogobetetzean, bai eta horien minaren hobekuntzan eta funtzionaltasunaren lehengoratzean ere. Gaur egun, 420 pazientek hartu dute parte.

Ildo horretan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko lehen mailako arretako errehabilitazioko proiektuak Eskertze 2023 saria jaso du balioan oinarritutako medikuntzaren helburuaren barruan profesionalei aintzatespena egiteko jardunaldiaren barruan (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin da).

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik zera nabarmendu du: «Fisioterapiako profesionalek rol garrantzitsua dute osasun-eragile gisa, esku-hartze terapeutikoaren ikuspegitik ez ezik, baita zahartze hobeago bat ahalbidetzen duten neurriak ezartzeko orduan ere». Ildo horretan, poza adierazi du azken urteetan diziplina horrek osasun-sisteman hartu duen protagonismo gero eta handiagoa dela eta (denborarekin ezagutza berriez hornitu da eta gero eta adituagoa da eta gero eta ahaldunduago dago).

Azken batean, proiektu horren helburu nagusia da lehen mailako arretaren eremuan algia osteoartikularrak dituzten pertsonen kudeaketa hobetzea. Helburu horrek bi alderdi ditu:

  • Osasuna hobetzea: algia osteoartikularrak (ornoetako algia zehaztugabeak eta sorbaldako mina, fase azpiakutuan edo kronikoan) dituzten pertsonen kudeaketa ordenatzea eta, ondorioz, horiei oneratzen laguntzea, horiek berriz gaixotzea prebenitzea eta horiek beren osasun-egoeraz duten pertzepzioa hobetzea.
  • Alderdi asistentziala: errehabilitazioko eta fisioterapiako arreta-zirkuituak berrantolatzea, eta berandutzeak murriztea eta zerbitzuko erabiltzaile guztien irisgarritasuna hobetzea.

Garapen gisa, lehen mailako arretako fisioterapiako ikuspegi berriaren helburuak dira:

  • Programan parte hartzen duten pertsonen mina murriztea.
  • Programan parte hartzen duten pertsonen gaitasun funtzionala hobetzea.
  • Pertsona horiek jarrerei, halako gaitzak izateko joera handitzen duten faktoreei eta jarduera fisikoari eta beren gaitasun algiko eta antialgikoari buruz dituzten ezagutzen maila hobetzea.
  • Programan parte hartzen duten pertsonen artean, modu jarraituan jarduera fisikoren batean (bakoitzaren egoerara egokituta) parte hartzen dutenen kopurua areagotzea.
  • Programan parte hartzen duten pertsonen artean erorikoen kopurua murriztea.
  • Algia osteomuskularrak dituzten pertsonei baliabide sanitarioak eskuratzen laguntzea.
  • ESIko ospitale- eta fisioterapia-kontsulten berandutzeak murriztea.
  • Lehen mailako arretako, fisioterapiako eta errehabilitazioko profesionalen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetzea.
  • Lehen mailako arretako fisioterapeuten eta udaleko kirol-zerbitzuen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetzea.
Noticia anteriorBulba terapian
Noticia siguienteJaiotza Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea