EEG ESIak, pertsonen babesa hobetzeko asmoz, berretsi du autobabesaren eta emergentzien alorrean aurrerapausoak egitearekin duen konpromisoa: prestakuntza sustatu du, eta hobetu ditu bai eskuragarri dauden azpiegiturak nahiz bitarteko teknikoak, bai egoera horiei aurre egiteko jardunbidea. Hori guztia, eguneroko jardunari eragin barik.
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIari oro har eta ospitaleari bereziki dagokienez, alderdi horietan aurrera egiteko apustuak ekintza hauexek hartzen ditu barne:
- Langileei zuzendutako autobabesari buruzko oinarrizko ikastaroa ematea; 2024. urtean sortu zen eta gaur egun modu jarraituan eskaintzen da.
- Simulakroak egitea, administrazio-eremuetan ez ezik, baita ospitalizazio-eremuetan, kanpo-kontsultetan eta abarretan ere, eta simulakro horietan langileek, pazienteek eta laguntzaileek hartzea parte.
Egun hauetan, beste aurrerapauso bat eman dugu bide horretan; izan ere, pertsona guztion segurtasuna bermatzeko funtsezkoa da gaian adituak diren kanpo-eragileek esku hartzea, hala nola SUHILTZAILEEK.
Horiek horrela, martxoan, sei bisita egin dituzte ospitalera Urioste suhiltzaile-etxeko SUHILTZAILEEN ZERBITZUKO langileek, instalazioetara eta gune kritikoetara ohitzeko asmoz, beharrezkoa izanez gero eraginkortasun handiagoz jardutea xede.
Segurtasuneko eta Ingeniaritzako Zerbitzuak, POUko teknikariekin lankidetzan, aurrez aurreko saioak antolatu ditu, non plano eta eskemez baliatuz azaldu baitituzte ospitaleko askotariko eraikinak, horien erabilerak, arrisku-faktoreak eta eskuragarri dauden laguntza-baliabideak; halaber, askotariko guneak eta aretoak bisitatu dituzte.
Ekimena oso interesgarria izan da bai ospitaleko langileentzat, bai kanpo-zerbitzuentzat, zeinek oso positibotzat jo baitituzte bisitak; horrez gain, ekimenaren harira oso alderdi tekniko aipagarriak izan dituzte eztabaidagai.



