Ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko dugu. Aurtengo ekimenak “Airearen kutsaduraren” inguruan ardaztu dira, eta munduan milioika laguni erasaten dien arazo larri honi hitzez eta ekintzez aurre egiteko deiadarra izan nahi du. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 7 miloi lagun hiltzen dira urtero airearen kutsaduragatik.

Izan ere, airearen kutsadura dela-eta, arnas gaixotasun alergikoen maiztasuna izugarri areagotu da. Gainera, ozono-geruzaren suntsipenak eguzki-erradiazioa handiagotu du, eta horrek ondorio kaltegarriak dakarzkio gure azalari; izan ere, larruazaleko minbiziaren %80tik gora eguzki-erradiazioarekin dago lotuta.

“Ingurumena zaintzea Osasuna zaintzea da” goiburupean, gure ESIak dibulgazioko bideo bat prestatu du. Bertan, profesional sanitarioek azaltzen dute zer-nolako ondorioak dituen kutsadurak gure osasunean eta, era berean, airearen kutsadura murrizteko, gure esku dauden hainbat ekintza proposatzen dizkigute.

Ildo horretan, ESIak, etxeko ospitalizazioan auto elektrikoak erabiltzearekin batera, atmosferara 18,3 tona CO2 igortzea saihestu du, kargarako erabilitako energiaren %100 energia berriztagarrietatik datorrelako.

Horrez gain, beste hainbat jarduera antolatu dira gaiaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz:

Hitzaldia: “Gidatze efizientea”. Ekainaren 4an, Arriaga gelan. Valentín Domínguez, Energiaren Euskal Erakundeko teknikaria.

Menu ekologikoa: Ospitaleko sukaldeak menu ekologiko bat prestatuko du ospitaleratuta dauden 850 pazienteentzat, gure inguruko ekoizleen produktu ekologiko eta naturalak erabiliz. Sukaldeko Zerbitzuak –Dietetikako Zerbitzuaren laguntzarekin- lan eskerga egin du paziente guztiei –beraien patologia eta dieta gora-behera- menu ekologiko bat eskaini ahal izateko egun horretan, bai osagai nagusiak (haragia, arraina, e.a.) bai osagai xumeenak ere (gatza –Añanako Gantz Haranak dohaintzan emana-, azukrea, olioa, e.a.)

Menua:

Lehenengo platerak: Mungiako indaba zuriko eltzekoa.Ortuko bazkarien krema.
Bigarren platerak: Oilasko ekologiko errea Arabako patata frijituekin.Kantauriko amuko legatza Arabako panadera patatekin.
Azkenburukoak: Izarrako euskal pastela.Karrantzako gazta Lea Artibaiko sagar-gozokiarekin.

Halaber, Ospitaleko Kafetegiak menu ekologikoa eskainiko die egun horretan hurbiltzen diren pertsonei eta guardiako profesionalei ere bai. (Ikusi)