Esterilizazio-zentral berriak kirurgiako tresnen garbiketa hartuko du barne (orain arte, kirurgiako arlo bakoitzak egiten zuen). Prozesua gutxika egiten ari dira. Hainbat ebakuntza-gela hasi dira ebakuntzetan erabilitako materiala zentral berrira bidaltzen (Larrialdiak, Pediatria, Baskularra eta Aurpegi-masailetakoa, Erretakoak, Kirurgia Orokorra eta ORL). Oftalmologiako unitatea izango da hurrengoa. Hala, kirurgiako materialaren pauso guztiak monitorizatuta egongo dira: ebakuntzan erabiltzea, garbiketa, paketatzea, esterilizazioa eta hurrengo erabilera. Trazabilitatea osoa denez (pazientea, ebakuntza mota, zerbitzua, tarteko zerbitzuak, etab.) kirurgiako pazienteen segurtasuna hobetuko da.

Trazabilitate-eredu berria abian jartzeko, kirurgiako tresna-kutxen inbentarioa osatu behar izan dute ebakuntza-gela guztietan. Erizaintza arduratu da lan horretaz. Era berean, prozesu osoa kudeatzen duen programa informatikoa erabiltzen jakiteko trebakuntza eman da. Horiek guztiak gauzatu ondoren, kirurgiako materiala gordetzen duten kutxak identifikatu dira gakoak eta barra-kodeak erabiliz. Gakoek adierazten dute zer kutxa den, nola garbitu eta muntatu behar den (sistemak tresnen irudiak erakusten ditu) eta zer sistemaren bidez esterilizatu behar den. Kutxarekin egin diren atazak barra-kode baten bidez erregistratuko dira, ebakuntzan irakurri ahal izateko. Halaber, pazientearen historian dagokion ebakuntzan erabili den kutxari buruzko informazioa jasoko da.

Prozedura zentralean hasita, kutxak pazienteei eta egingo zaien ebakuntzari egokitutako materialarekin aterako dira. Horretarako, gainera, informatikoki kontrolatuko da garbiketa-, prestakuntza-, paketatze- eta esterilizazio-prozesu guztiak behar bezala bete direla. Kirurgiako arlora iristen direnean, informatikoki kutxak pazienteentzat eta dagokien ebakuntzarako egokiak direla egiaztatuko da. Ebakuntzaren ondoren, aurrez garbitutako materiala duten kutxak zentralera itzuliko dira. Han, beste paziente batzuei esleituko zaizkie eta prozesu osoa berrabiaraziko da.

Esther Jauregibeitia Esterilizazio-zentraleko gainbegiralearen ustez, prozesu osoa egitea eta kontrolatzea abantaila handia da. «Hala badakigu materiala non dagoen, garbi dagoen eta esterilizatuta dagoen. Pazientearen segurtasuna hobetu da. Programa informatikoak berresten du kutxak prozesu guztiak behar bezala igaro dituela», azaldu du.

Esterilizazio-zentral berriari buruzko informazio gehiago.