Osasuneko sailburuak positiboki baloratu ditu datuak, baina heriotza-tasa murrizten, biziraupena handitzen eta pazienteentzako arreta hobetzen jarraitzeko beharra nabarmendu du

Minbiziak eragindako heriotza-tasak behera egin du EAEn 2001 eta 2017 artean, nabarmen gizonen kasuan, eta neurri txikiagoan emakumeen kasuan, Osasun Sailak gaixotasun horri eskainitako Mundu Egunaren bezperan gaur ezagutarazitako datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak positiboki baloratu ditu datu horiek, nahiz eta heriotza-tasa murrizten jarraitzeko ahaleginean sakontzeko beharra azpimarratzen duen, biziraupena areagotzeko eta pazienteenganako arreta hobetzeko, Euskadiko Plan Onkologikoak lortu nahi duenez.

Nekane Murgak uste osoa agertu du heriotza-tasaren etorkizuneko murrizketek zerikusia izango dutela gaixotasunaren eta terapia berrien ezagutza molekular hobearekin, ikerketan egindako aurrerapenak praktika klinikora eramatea lortzen den neurrian. Ildo horretatik, gogorarazi du Osakidetzak gaur egun 390 ikerketa-proiektu mantentzen dituela aktibo onkologiaren esparruan, eta hori da euskal osasun-sistema publikoaren ikerketa-arlo nagusietako bat. Hain zuzen, 8,7 milioi euroko finantzaketa dago horretarako.

Era berean, iragarri du, gaur, otsailak 3, 2018-2023 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoan ezarritako helburuetako bati erantzunez, Euskadiko Medikuntza Pertsonalizatuaren Aholku Batzordea eratu dela. Batzorde horrek, hain zuzen ere, onkologiaren esparruan hasiko du bere zeregina, eta etorkizunean medikuntzaren beste eremu batzuetara zabalduko dela aurreikusten da, hala nola gaixotasun arraroetara edo gaixotasun kardiobaskularretara. Sailburuak azaldu du medikuntza pertsonalizatuaren arloa etengabe garatzen eta berritzen ari dela, eta uste du batzorde berri hori funtsezko tresna izango dela Sailari aholku emateko esku-hartze medikoak pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitzeko garaian, eta horrek berekin ekarriko duela prebentzio-ekintzak, ekintza diagnostikoak eta terapeutikoak aplikatzea, arriskuei aurrea hartzeko eta horiek saihesteko.

Horrekin batera, prebentzioaren garrantzia gogorarazi du sailburuak, eta nabarmendu du euskal osasungintzak tabakoaren kontsumoa murrizten laguntzen duten programekiko duen konpromisoa, minbiziaren eragile nagusia eta gaixotasun horrek eragindako hamar heriotzatik ia hiruren eragilea den heinean.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak egiten dituen baheketa-programen garrantzia azpimarratu zuen. Programa horiei esker, bularreko eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarra lortzen da, eta aurten umetoki-zerbixeko minbiziarena ere bai.

Informazio gehiago

Noticia anteriorOsakidetzaren 2019ko balantzearen aurkezpena
Noticia siguienteZer da ‘Nire bizi-kalitatea’ programa?