OSI EZKERRALDEA ENKARTERRI CRUCES

Sonia Gaztambide doktore ikertzaileak Karlos III.a Osasun Institutuaren finantzaketa lortu du SARS-CoV-2 infekzioaren azterlan epidemiologiko bat egiteko.

Karlos III.a Osasun Institutuak Sonia Gaztambide doktore ikertzailearen (genetikako eta diabetesaren eta gaixotasun endokrinoen kontroleko ikerketa-taldekoa) «Azterlan epidemiologikoa eta angiotentsinaren inplikazio kliniko-molekularrak SARS-Cov-2ak eragindako infekzioaren pronostikoan» proiektua aukeratu du. Proiektua SARS-CoV-2 infekzioaren azterlan epidemiologikoa egitean datza.

Pandemia bat eragin duen koronabirusen familiako birus infekzioso baten aurrean gaude. Gaixotasun berri honen espektroa askotarikoa da: gaixotasun arina, arnas traktura mugatzen dena, edo pneumonia progresibo larria eta hutsegite multiorganikoa eta heriotza. Pazienteen % 80 inguruk gaixotasun arina dute, eta heriotza-tasa orokorra % 2,3koa da. 70 eta 79 urte artekoen artean, % 8koa da, eta 80 urtetik gorakoen artean, berriz, % 20koa. Ez dakigu zer faktoreren ondoriozkoak diren emaitza hain desberdin horiek.

Azterlan epidemiologikoarekin, bada, biztanleria kutsatuaren suspertze- eta biziraupen-tasa balioetsi nahi da, eta faktore pronostikoak zehazten saiatu.

Hauek analizatuko dira: bilakaera klinikoa eta karga birala, pazienteen ezaugarri klinikoei dagokienez; obesitatea, diabetesa, hipertentsio arteriala eta beste gaixotasun oso prebalente batzuen presentzia; eta horietan guztien inplikatutako tratamendu farmakologikoak.

Aurretiazko azterlanetan ikusi denez, zenbait tratamenduk entzima baten (ACE2) adierazpena areagotu dezakete, eta horrek birusa organismoan sartzea eta erreplikatzea errazten du. Entzima horrek aldagai genetikoak ditu, agian prozesuan eragin dezaketenak, eta horiek ere aztertu egingo ditugu.

Azken batean, baliteke zenbait banako COVID-19aren ondoriozko infekziorako aukera gehiago izatea, kontuan hartuta beste gaixotasun kroniko batzuk dituzten eta/edo horien tratamenduak hartzen ari diren eta zer aldagai genetiko dituzten.
Pronostikoa baldintzatzen duten zenbait faktore aurkitzen baditugu, pandemia honi hobeto aurre egin ahal izango diogu etorkizunean.

Exit mobile version