BioCruces Bizkaiak zentro anitzeko ikerlan bat gidatuko du COVID-19a gainditu duten paziente emaileen linfozitoen banku nazional bat sortzeko, hartutako immunitatea eta linfozito horien –zehazki natural killer (NK) deritzenen– erabilera aztertze aldera, koronabirusarekin infektatu diren eta larritasun ertaineko eta handiko pronostikoa duten pazienteentzako tratamendu gisa.

COVID-19tik sendatzen diren pazienteak emaile idealak dira, sortzetik immuneak diren eta SARS-CoV-2 birusaren aurrean memoria duten zelulak dituztelako. Paziente gaixoentzako «sendagai biziak» dira zelula horiek, eta berehala erabiltzeko moduan egongo lirateke.
Cristina Eguizábal doktorea Biocruces Bizkaiko terapia zelularren, zelula amen eta ehunen Ikerketa Taldeko eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko koordinatzailea da, eta berak koordinatutako ikerketa-taldean beste erakunde batzuek ere hartzen dute parte, zehazki, Valentziako Ospitale Klinikoko INCLIVA Osasun Ikerketako Institutuak, Madrilgo Erkidegoko Transfusio Zentroak eta Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleak.

«COVID-19a gainditu duten linfozitoen emaileen immunitateari buruzko ikerlana eta Terapia Zelular Adoptiboko Banku Nazionala sortzea» I. faseko saiakuntza klinikoa da. Helburu hau du: natural killer zelulen infusioaren segurtasuna ebaluatzea SARS-CoV-2 koronabirusaren ondorioz pneumonia eta/edo linfopenia duten pazienteen terapia adoptibo eraginkor gisa, betiere gaixotasunak etorkizunean izan ditzakeen agerraldiei begira.

Ikerlana

Ikerlanaren funtsa zera da, immunitate-sistemak oinarrizko zeregina duela SARS-CoV-2 birusaren infekzioa kontrolatzeko eta deuseztatzeko. Izan ere, eginkizun hori bereziki geratu da agerian pediatriako populazioan, non sortzetiko eta egokitzapeneko erantzun immuneak –zelularrak eta humoralak– erantzun eraginkorra sortzen baitu birusaren aurrean eta, gehienetan, koadro kliniko arina sortzen baitu, baita gaixotasun larriak dituzten pazienteen artean ere (helduen artean, ordea, heriotza-tasa oso altua da). SARS-CoV-2ak birulentzia handiagoz erasotzen die adinekoak diren eta patologia metaboliko eta kardiobaskularren bat duten pertsonei, batez ere, birusak immunitate-sistema ahuldu badie. Pertsona horietan, T linfozitoak eta natural killer zelulak (NK) gutxituta daude, eta horrenbestez, egoera horretan dauden pertsonak zaurgarriagoak dira: neurrigabeko hantura eraginez erantzuten diote infekzio birikoari, batez ere biriketan, eta zenbait kasutan heriotza eragitera ere irits daitezke halako egoerak.

Sortzetiko immunitate-sistema, NK zelulak eta egokitzapeneko immunitate-sistema –kasu baterako, T linfozitoak– kuantitatiboki erasanda daude SARS-CoV-2 birusarekin infektatutako pazienteetan, eta beharrezkoak dira koronabirusari aurre egiteko immunitate-erantzun eraginkor, espezifiko eta kontrolatua sortzeko. Izan ere, 2002an Txinan sortutako arnas sindrome akutu larriari (ASAL) eta beste birus bati aurre egiteko erabilgarria zela frogatu zen. Gainera, terapia zelularrak seguruak eta ekonomikoak dira, eta beste gaixotasun batzuetan –hala nola minbizian– ere eraginkorrak direla frogatu da.

Mutua Madrileña Fundazioaren deialdia

Ikerlana Mutua Madrileña Fundazioaren finantzaketari esker egin ahal izango da (80.000 eurokoa izango da finantzaketa), COVID-19ari buruzko ikerketa medikorako proiektuetarako ezohiko eta premiazko deialdiaren esparruan. Guztira 200.000 € bideratu dira deialdi horretara. Biocruces Bizkaiak koordinatzen duen proiektuaz gain, beste bi aukeratu dira: bat Madrilgo 12 de Octubre Unibertsitate Ospitalean garatu da; bestea, berriz, Coruñako Ikerketa Biomedikoko Institutuak zuzendu du.