Estrategia berriaren bidez, osasun digitalari, osasun mentalari eta zahartze osasungarriari eta gailu eta teknologia medikoei ere helduko zaie

Gainera, jauzi kualitatibo bat eman nahi da bikaintasunerantz eta, horretarako, ikerketa-erakundeak koordinatu, talentua erakarri, finantzaketa hobetu eta nazioarteko presentzia areagotu

Marian Ibarrondo Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean; hartan, 2022-2025erako Euskadiko Osasuneko Ikerketa Estrategia berriaren helburu eta ardatz nagusien berri eman du. Estrategiak 5 ardatz nagusi ditu:

Lehenengo ardatzak lortu nahi du koordinazio eta integrazio handiagoa ikerketa-institutuen, asistentzia-eremuaren eta enpresa-esparruaren artean. Hau da: ikerketa-sistemaren barruan; ikerketaren eta osasun-asistentziaren artean; eta institutuen eta enpresa eta teknologia ekosistemaren arteko elkarlana indartuz. Horrek guztiak eskatzen du osasunaren arloko Euskadiko ikerketa-sistema beste era batera formulatzea, eta aurrerantzean deituko da:

  • Osasunaren arloko Euskadiko Ikerketa, eta bioaraba, biobizkaia, biogipuzkoa eta biosistemak bilduko ditu BIOEFek koordinatuta.

Bigarren ardatzaren helburua institutuen espezializazioa bikaintasunerantz eta osasun-sistemaren beharretarantz indartzea da. Bikaintasun hori jada agerikoa da, inpaktu handiko argitalpenen % 61ekin eta argitalpenetan % 40,45eko igoerarekin 2016tik, eta estrategiak eutsi egin nahi dio hazkunde-erritmo horri.

Hirugarren ardatza talentua sortzearekin lotuta dago. Gaur egun Euskadik ia 3.000 pertsona ditu osasunaren arloan ikertzen, eta horietatik % 85 Osakidetzako profesionalak dira; gainera, proiektu gehienak emakumeek lideratzen dituzte. Erronka da ikertzaile gehiago izaten jarraitzea, eta, beste ekintza batzuen artean, Osakidetzan ikerketa-karreraren eredu bat zehaztea, gure sisteman talentuari eusteko nahiz talentu gehiago erakartzeko programak identifikatuz.

Laugarren ardatza Euskadiko ikerketak munduan, nazioartean, presentzia handiagoa izatea sustatzera bideratuta dago. Une hauetan Euskadiko osasun-sistema osasunarekin lotutako nazioarteko 56 ikerketa-proiektutan parte hartzen ari da. Orain asmoa da Euskadiren presentzia hori areagotzea nazioarteko proiektu lehiakorrak lideratzearen bidez.

Bosgarren ardatzak, azkenak, ikerketa-proiektuen finantzazioa hobetzea du helburu. Osasun Sailak I+G+b-ra bideratzen duen aurrekontua etengabe joan da handitzen; aurten % 15 igo da, eta 25 milioi eurotik gorakoa da. Ahalegin hori, beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa, eta arlo publikoaren eta pribatuaren lankidetza eskatzen du. Institutuek azken 6 urteotan % 95 gehitu dute kanpoko finantzazioaren kaptazioa, eta helburua da osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko esparru egonkorra eta efizientea izatea baliabideak finkatu ahal izateko.

3.000 PERTSONA OSASUNAREN ARLOAN IKERTZEN 1.800 PROIEKTUTAN

Bere esku-hartzean, Osasun Ikerketako zuzendariak azpimarratu du estrategia berri hau aurrerapauso irmoa dela Eusko Jaurlaritzak osasunaren arloko ikerketaren alde egin duen apustuan, kontuan hartuta, gainera, aurretik gogoratu duen bezala, Euskadi ez dela hutsetik abiatu. Berez, orain dela bi hamarkadatatik BIOEFek koordinatzen dituen osasun-ikerketako institutuek osatutako izen handiko sare bat du, gaurko ekitaldian aitortu dena; Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu kontsolidatuaren babesa du; lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ekosistema du; eta, batez ere, Osakidetzako profesionalek osatzen duten giza kapitala du. Zehazki, eta eman dituen datuen arabera, azken urte honetan 3.000 bat ikertzailek parte hartu dute 1.800 proiektu eta azterketa klinikotan baino gehiagotan, horietako asko nazioartekoak dira, eta 150 erakunderekin baino gehiagorekin (horietako gehienak Euskadiko ETEak) lankidetzan jardun dute. Jarduera horrek barne hartzen ditu, besteak beste, diziplinarteko ikerketa, onkologiaren eta neurologiaren arloko I+G eta mikrobiologiaren eta gaixotasun infekziosoen arloak, eta azken urte honetan COVID-19arekin lotutako proiektu ugari izan dira.

Amaitzeko, Ibarrondok ikerketari esker Euskadin garatzen ari diren proiektu batzuk azpimarratu nahi izan ditu, besteak beste: sekuentziazio genomikoa, osasun-asistentzia asaldatuko duena, bai eta gaixotasunen tratamendua ere, medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuen medikuntza delakoan; esklerosi anizkoitzaren eta beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuen ikerketa, eta haur-minbiziaren inguruko ikerketa klinikoaren unitatearen sustapena.

Azkenik, nabarmendu nahi izan ditu osasun digitalean izan diren azken aurrerapenak; haien bidez, erantzun kliniko hobea eman nahi zaie paziente onkologikoen tratamenduei, dauden aldagai klinikoen arabera. Era berean, zahartze osasungarrian izan diren aurrerapenak ere nabarmendu ditu; izan ere, haietan, besteak beste, narriadura kognitiboko gaixotasun ugari –hala nola Alzheimerra edo zahartzaroan ohikoak diren beste dementzia batzuk– goizetik detektatzeko markagailuak bilatzea ikertzen da.

Osasun arloko ikerketa eta berrikuntza estrategia 2022-2025