Aurpegi-masailetako kirurgiako eta traumatologiako zerbitzuetako fakultatiboak 3D inprimatzea erabiltzen ari dira osteosintesi-plakak aurre-eratzeko; zehazki, hausturak dituzten pazienteen tratamendu kirurgikoetan, hezurren berreraikitze konplexuetan eta endekapenezko onkologiako sekuelak tratatzeko.

Aurpegi-masailetako kirurgiako zerbitzuak teknologia hori erabili du paziente bati ezkerreko orbitaren zoruaren haustura eta osteosintesia tratatzeko (begitik kanporako muskuluak harrapatuta). 3D bioeredu baten bidez aurre-eratutako sareta bat erabili dute.

Inprimatzea zentroan bertan egin da, 3D inprimatzearen laborategian. Prozesu horretan, erradiodiagnostikoko zerbitzuak eremua segmentatu zuen, eta orbita osasuntsuaren berreraikitzea diseinatu zuen alderantzikatuta. Pazientearen eredu naturala eta alderantzikatutako eredua FDM eta/edo SLA teknologiak erabiliz inprimatu ziren.

Kirurgiaren aurreko egunean, ereduak erabiliz, sareta aurre-eratu eta esterilizatu zuten. Halako kirurgiak premiazkoak izaten direnez, prozesua ondo zehaztu eta diziplina anitzeko taldea koordinatu behar da (erradiologoak, kirurgialariak eta ingeniariak).

Aurre-eratzeko prozesuak piezak pazienteei egokitzeko aukera ematen du, kirurgiako denborak txikitzeko eta loturiko faktoreak gutxitzeko (anestesia, odoljarioa, infekzioak…). Gainera, kontuan izan behar da halako interbentzioek inguruko egituretara sartzea eskatzen dutela, eta horrek osteosintesi-materialaren azken ukitzea mugatzen duela. Bioereduak erabiltzeak arriskuak eta aldakortasuna gutxitzen ditu.

Noticia anteriorDiabetesaren Munduko Eguna. Gluzemia denbora errealean neurtzeko gailu berria Euskadin diabetesa duten pazienteetara ere zabaldu da
Noticia siguienteGure Etxez Etxeko Ospitaleratze Zerbitzua, Portugaleko Osasun Ministerioarentzako eredu