Abenduaren 17an, astelehenean, BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua bisitatu zuten AHUCE Fundazioko presidente Gerardo Muñozek eta zuzendari Julia Piniellak. Institutu honen osteogenesi inperfektuari buruzko ikerketa bat 10.000 euroz finantzatzen ari da AHUCE Fundazioa.

Osteogenesi inperfektua (OI) «kristalezko hezurren gaitza» izenez ezagutzen den gaixotasun arraroa da. Hezurraren dentsitate gutxitua du ezaugarri, eta, horrenbestez, jasaten dutenek hausturak izateko aukera handiagoa dute. Traumatismo txikien ondorioz gerta daitezke, baita espontaneoki ere. OIren zenbait forma jaio aurretik agertzen dira; hots, hausturak agertzen dira umetoki barnean. Haurtzaroan gertatzen dira haustura gehien. Min errepikatua, inpotentzia funtzionala eta hezur-deformazio iraunkorrak agertzen dira, eta pairatzen dituztenen bizi-kalitateari eragiten diote.

Hezurren mineralizazio-prozesuan laguntzen duten zenbait generen alterazioa da osteogenesi inperfektuaren sorburua. BioCruces Bizkaia Institutuko Zelula Amen eta Terapia Zelularraren Taldeak (Osasun, Prebentzio eta Gaixotasun Kronikoetako Lehen Mailako Arretako arloa) garatu duen proiektu honen bidez, zenbait OI motaren ezaugarritze molekularrean aurrera egin nahi dugu, xede terapeutikoak identifikatu, eta, horri esker, gaixotasun hau pairatzen duten pertsonentzako tratamendu berriak garatu ahal izateko.

Irudia:

AHUCE Fundazioa: Gerardo Muñoz (presidentea) eta Julia Piniella (zuzendaria); Biocruces Bizkaia OIIko Zelula Amen eta Terapia Zelularraren Ikerketa-taldea: Clara I. Rodríguez (taldeburua), Blanca Gener (Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genetikako zerbitzuburua eta ikertzailea), Arantza Infante eta Izaskun Mitxitorena (ikertzailea) eta Lucía Rodríguez (teknikaria).

Noticia anterior«Lunes sin sol» indarkeria matxistaren aurkako ekimena saritu du Karrantzak
Noticia siguienteBioCruces Bizkaiak animaliategi berria inauguratu du Euskadiko Endoskopia Eskolak sustatutako ikastaro batekin