Aitzindaria, berritzailea, etengabe abangoardian dagoena eta giza kalitate handikoa paziente, ikasle eta profesionalekiko tratuan: horrela definitu dute Maria Luisa Franco, Ospitaleko Minaren Unitateko arduraduna, bere lankideek, Anestesia eta Bizkortze Zerbitzuak eta Minaren Unitateak doktoreak erretiroa hartuko duela-eta antolatu duen aintzatespen-ekitaldian.
Maria Luisa Franco –Zaragozan jaioa zen– erreferentea da minaren tratamenduan. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Anestesiologian eta Bizkorketan espezialista, Bartzelonako Unibertsitatean. Minaren tratamenduaren arloko prestakuntza 1985ean hasi zuen, Puerta de Hierro Ospitaleko Minaren Unitatean lanean aritu zenean, eta, ondoren, gure ospitaleko Minaren Unitatean sartu zen. Garai hartan, Euskadin ezaugarri horiek zituen unitate bakarra zen, eta Estatu osoan hirugarrena.
Bere konpromiso eta prestakuntzari esker, Ospitalean min kronikoa tratatzeko teknika interbentzionista aurreratuak sartu zituen; irrati-maiztasuna, estimulazio epidurala edo infusio intratekala, kasu. Ibilbide profesional osoan ez dio bere burua prestatzeari utzi eta, 2018an, Fellow of Interventional Pain Practice (FIPP) saria eman zion World Institute of Pain erakundeak –minaren arloko aditu batek lor dezakeen titulurik handiena da hori–.

Gainera, Ospitaleko Minaren Unitateko profesionalek gure Ospitalearen testuinguruko minaren jatorria errepasatu dute, eta etorkizuneko itxaropenak planteatu dituzte. Era berean, María Hurlé Kantabriako Unibertsitateko Farmakologiako katedradunak minaren arloko ikerketa-talde garrantzitsuenetako bat zuzentzen du, eta minaren arloko ikerketa horien etorkizunaz hitz egin du.



