Gernika-Lumo horiz jantzi zen maiatzaren 21ean eta 39.639,32 € biltzea lortu zuen.

La Cuadri del Hospi aita eta amen elkarteak –haurren minbizia humanizatzeko, gizarteratzeko eta ikertzeko zein hezur-muina ematearen garrantzia zabaltzeko denak–, Gernika Atletismo Taldearekin batera, «Maratoi Solidarioa 2017» (MAREA HORIA!!!) ekitaldia antolatu zuen Gernika-Lumon.

Herri-ekitaldi horretan udalerriko talde askok esku hartu dute: ikastetxeek, enpresek, ostalaritzako lokalek, dendek, musikariek, kirolariek eta zenbait elkartek. Egun hartan, indarrak batu zituzten guztiek haurren minbizia ikertzearen alde, BioCruces OII elkartearen proiektu hau finantzatzeko: «T linfoma linfoblastikoaren azterketa genetikoak», 29.900 euroko aurrekontua duena. Horretarako hainbat jarduera egin zen: txikien eta helduen lasterketa, kontzertuak, familia osoarentzako jolasak, bertsolariak, txosnak, tonbola solidarioak eta abarrak. Maratoian parte hartzeko, gainera, 8.000 elastiko hori baino gehiago egin ziren «GU BE ZUEK GARA» goiburuarekin.

La Cuadri del Hospi elkarteak, uztailaren 19an, 35 mila euro nabarmen gainditzen zituen zenbatekoa eman zion BioCruces Osasun Ikerketa Institutuari. Gernika-Lumon, Gernika Atletismo taldearekin elkarlanean, maiatzaren 21ean egindako «GU BE ZUEK GARA» maratoi solidarioari esker bildu zuten diru hori.

Ekitaldia Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Arriaga aretoan izan zen, eta honako hauek agertu ziren: Susana del Amo, La Cuadri del Hospi elkartearen izenean; Borja del Río, 2017ko «GU BE ZUEK GARA» maratoi solidarioaren antolatzailea; Itziar Astigarraga doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haur Pediatria eta Onkologia Zerbitzuko burua; Idoia Martin Guerrero, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ikertzailea, eta Mª Luz del Valle doktorea, BioCruces OII Elkarteko Kudeaketa eta Antolaketako zuzendaria.

Diru-zenbateko horri esker, 29.900 euroko aipatutako proiektua ordaintzeaz gain, Elkarteak finantzatutako eta 2015eko martxoan abian jarritako beste azterketa honetara ere bideratuko dira 9.739,32 euro gehiago: «Leuzemia duten haurren hezur-muinetako laginetatik DNA ateratzeko metodo berriak, pronostiko-balioa duten markatzaile genetiko eta farmakogenetiko berriak ikertzeko».

Dakigun bezala, haur-minbizia haurrak eta nerabeak gaixotasunagatik hiltzeko lehen kausa da herrialde garatuetan, eta eskuarki, hura amaiarazteko ikerketara ez dute merezi duen ahalegina bideratzen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu emaileei laguntza hau posible egiteagatik.

Eskerrik asko ekitaldi horretan lanean aritu diren pertsona guztiei, MAREA HORIAN parte hartu duten guztiei, eta haurren zein gazteen minbizia borrokatzeko ikerketaren garrantziaz gizartea kontzientziatzea helburu duen kanpaina honetan modu solidarioan lankidetzan aritu diren guztiei.

Noticia anteriorAzterketa kliniko pediatrikoen RECLIP sare berriko parte dira Biocruces eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea
Noticia siguientePuerta de Hierro Ospitaleko ordezkarien bisita, hemoderibatuen trazabilitate-sistema ezagutzeko