La Cuadri del Hospi elkarteak urtebeteko beka bat eman du, bi urtera luzatzeko aukerarekin, haur-onkologiako ikerkuntza finantzatzeko, lau urteko BAME prestakuntza-aldia amaitu berri duen mediku bat kontratatuta.

Mónica Ayuderen hitzetan: «La Cuadri del Hospi elkartean ikerkuntza medikoa sustatzen dugu, oraindik ere tratamendu egokirik ez duen haur eta gazteen minbiziari erantzuteko. Eta, arlo horretan, funtsezkoa da Biocruces osasun-ikerkuntzako institutuak egiten duen lana».

Eta honela gaineratu du: «Bide horretan lan egiten jarraituko dugu, eta hemendik aurrera ere eskura izan nahi ditugu neska-mutil eta nerabe onkologikoen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eman dezaketen ekarpen eta iradokizun guztiak».

Jimena de Pedro pediatra, lehen bekaduna

Jimena de Pedro Olabarrik Pediatriako mediku egoiliarraren prestakuntza amaitu berri du. Gure ospitalean lau urtez jarduera asistentzialean aritu eta gero, La Cuadri del Hospi elkartearen beka lortu du.

G.: Nola sartu zinen ikerkuntzan?

E.: Astigarraga doktorearen laguntzari esker, La Cuadri del Hospi elkarteak nire proiektua aukeratu zuen. Azken urtean haur-onkohematologia landu nuen bakarrik, eta horrek aukera eman dit gai horretan sakontzeko eta ikerkuntzaren munduan sartzeko. BAME gisa oso denbora gutxi duzu ikertzeko eta, ikasteko hainbeste gauza dituzunez, ikerkuntza ez dago zure lehentasunen artean. Hau, beraz, hasteko modu ona da.

G.: Zenbat denborakoa da beka?

E.: Nire kasuan, beka urtebetekoa da, eta bi urtera luzatzeko aukera dago. Era berean, bi hilabeteko egonaldi bat ere egingo dut atzerrian. Londresera joango naiz, Great Ormond Street ospitalera. Erresuma Batuan oso izen ona duen ospitale pediatrikoa da.

G.: Zertan datza proiektua?

E.: Proiektua Astigarraga eta García Obregón doktoreek koordinatzen dute, eta leuzemia linfoblastiko akutuaren (LLA) pronostikorako faktore gehiago bilatzea da helburua. LLA da adin pediatrikoko neoplasiarik ohikoena. Sendatze-tasa % 85 ingurukoa izan arren, gaixoberritzeengatik heriotza asko gertatzen dira. Pronostikorako faktore gehiago aurkitu behar ditugu, terapiak paziente bakoitzaren ezaugarrietara eta LLA mota bakoitzaren markatzaile biologikoetara egokitu ahal izateko.

G.: Biocruceseko zein taldetan egingo duzu proiektua?

E.: Astigarraga doktoreak zuzendutako haur-hematoonkologiako ikerkuntza-taldean sartu naiz. Talde horrek alor horretan egindako azterketak baliatu ahal izango ditut. Gainera, Africa García-Orad doktoreak zuzentzen duen Euskal Herriko Unibertsitateko Genetika Sailaren laguntza ere izango dut. Faktore immunologikoei dagokienez, IkerBasqueko ikertzaile Francisco Borrego doktorearen immunopatologia taldearekin lan egingo dut.

G.: Doktoretza egiteko asmorik baduzu?

E.: Ikerketa-proiektua tesi bat izan liteke amaieran; bestela, oso zaila da tesi bat egiteko denbora aurkitzea. Hori guztia dela eta, uste dut BAME-ondoko beka bat aukera paregabea dela prestatzen jarraitzeko eta ikerketa-proiektu bati ekiteko.

Noticia anteriorMuskizko Osasun Zentroak osasun-arloko bi plaza berri ditu: familia-medikuntzako eta erizaintzako bana.
Noticia siguienteOnkomenuak txapeldun txikientzat