Nerbio-sistemaren gaixotasunerako proba-bankua BBKrekin eginiko lankidetzaren emaitza da, eta muineko lesioa duten pazienteen susperketa % 50 hobetzen du.

Nekane Murga Osasuneko sailburua, Xabier Segredo BBK-ko presidentea eta Luis Castaño BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko zuzendaria nerbio sistemako gaixotasunetarako proba-bankua bisitatzen izan dira gaur aipatu institutuaren 3. eraikinean. Bisitaldian hizketan aritu dira pazienteekin eta haietaz arduratzen diren profesional sanitarioekin.

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia ere haiekin izan da, bai eta Osasun Saileko eta Osakidetzako beste zenbait ordezkari ere. Bankuaren eremua 620 m2-koa da, eta bertan ikerkuntza kliniko aurreratuko jarduerak gauzatzen dira, teknologia robotikoak, errealitate birtuala, joko serioa, eta abar baliatuta.

Azkenaldian egiten ari diren proiektuetan exoeskeleto robotikoen eraginkortasuna frogatzen saiatu dira, eragin soziosanitario handiko bi testuinguru klinikotan: muineko lesioa duten pazienteak eta garuneko paralisia duten haurrak.

MUINEKO LESIOA DUTEN PAZIENTEAK

Muineko lesio osoa edo partziala duten pazienteen kasuan, saiakuntza klinikoaren xedea autonomia eta ibilera autonomoaren berrikasketa hobetzea izan da. Emaitzek erakutsi dute % 50 baino gehiago murriztu daitekeela denbora errehabilitazio-tratamendu konbentzionalarekin alderatuta. Azterlan honek pazienteek bere buruarengan duten konfiantza eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du, eta zuzeneko eragina izango du nork bere gaixotasuna kudeatzeko gaitasunean.

GARUNEKO PARALISIA DUTEN HAURRAK

Jarrera kontrolatzeko defizitak dira desgaitasun-arazo adierazgarrienak garuneko paralisia duten haurren kasuan. Haur horiek nahasmendua dute orekan eta jarrera-egonkortasunean eta, ondorioz, arazoak dituzte ibiltzeko. Saiakuntza klinikoaren bidez ibileraren bilakaera klinikoa eta parametroak eta oreka hobetu nahi zaizkie. Ibileraren parametroak hobetuta, pazienteen bizi kalitatea hobetuko da, hala ikuspuntu fisikotik nola emozionaletik eta, gainera, horien autonomia hobetuko da.

Horrela, bada, nerbio-sistemako gaixotasunetarako proba-bankua konplexutasun handiko proiektuak garatzeko eta muineko lesioak dituztenen patologia larriak ikertzeko erabiltzen da. Estatu mailan punta-puntakoa den entrenatzeko sistema robotiko bat du, zutitu ezin daitezkeen pazienteak tratatzeko, bai eta zutitu daitezkeen pazienteei ibiltzeko aukera ematen dien exoeskeleto bat ere. Hasiera eman zaio Ikerketa-proiektu bati, eta bizkarrezur-muineko lesioak dituzten 8 paziente parte hartzen ari dira.

Entrenamendu-saioetan, pazientea arnes baten bidez lotzen da exoeskeletoan. Horrela, zintzilik geratzen da, eta zutik egoteko eta ibiltzeko sentsazioa berreskuratzen ditu. Sistema robotikoak pazientearen mugimenduak zuzentzen ditu, haren autonomia kudeatzen du eta, bideo-jokoen bidez, pazientea bultzatzen du gorputzaren beheko erdiarekin mugimenduak egitera, zoru mugikor batean ibiltzen den bitartean. Horrez gain, sistemak datu guztiak erregistratzen ditu, pazientearen, saioaren eta patologiaren arabera, ondoren aztertu eta tratamendu-pauta ezartzeko.

Horrelako pazienteek, lehen, gimnasio batean jasoko zuketen tratamendua, ohatilan, edo hainbat fisioterapeutaren laguntzarekin, barra paralelo batzuetan eusten laguntzen eta mugitzen saiatzen. Oraingo sistemarekin, ordea, pazienteak zutik eta ibiltzen egoteko sentsazioa du. Istripu bat izan berri duen edo urteak ibili gabe daramatzan pertsonarentzat oso sentipen berezia da, eta hobekuntza nabaria dakar suspertzeko denborari dagokionez.
Ondoren, saiakuntza klinikoen eremuan izan dira erakundeen ordezkariak. Espazio horretan bisita-kontsultak eta langile sanitarioak daude. Horietan, saiakuntza kliniko bat egiteko beharrezko diren tratamendu eta probak egin daitezke jarduera asistentzialean eragin gabe.

Lankidetza BBKrekin

Ikerketa aurreratuaren eta osasun-zientzien berrikuntzaren aldeko apustuan, BioCruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Batzar Nagusiaren kide bilakatu zen 2017aren amaieran BBK. Beraz, bat egin zuen Batzar Nagusian institutua zuzendu, kudeatu eta ordezkatzeaz arduratzen den organo horretako gainerako kideekin: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Osakidetza, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).

Ikerketaren sustapena

BioCruces Bizkaia 2008an sortu zen eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari atxikia dago. Haren xedea da ikerketa sustatzea biomedikuntzan, epidemiologian, osasun publikoan eta zerbitzu sanitarioetan, bai eta beste hauek ere: oinarri zientifikoa ematea sistema sanitarioaren programa eta politikei, osasun-zerbitzuen kalitatea indartzea, praktika klinikoaren eta ikerketa zientifiko aurreratuaren arteko integrazioa sustatzea eta emaitzak enpresa-ehunari transferitzea.

Biozientziak eta osasuna lehentasunezko eremu bat dira Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, eta argi uzten dute Eusko Jaurlaritzak euskal osasun-sistema publikoaren ikerketa eta berrikuntzaren alde egin duen apustua, Bioarabaren, BioCruces Bizkaiaren eta Biodonostiaren bidez. Pertsona guztien bizi-kalitatearen eta ongizatearen aldeko inbertsio bat da.