Iragan martxoaren 26an Garmitxa Elkarteak (IgE-ren parte-hartzerik gabeko alergia gastrointestinal anizkoitzek ukitutako pertsonek elkartea) 25.000 euroko donazio bat egin zuen haurren nahasmendu digestiboen etiopatogenia eta genetika ikertzeko.
Ekitaldi txiki bat antolatu zen, eta bertan izan ziren: alde batetik, Maite Pereira, Miren Azkue, Helena Gartzia, Mª José Abasolo eta Kontxi Pereiro, Garmitxa Elkarteko Zuzendaritza Batzordekoak guztiak; eta bestetik, Ramón Bilbao doktorea, ikertzailea, endokrinologia, metabolismo, nutrizio eta giltzurruneko gaixotasunen arloko koordinatzailea eta zeliakiako ikerketa funtzionalen taldeburua; eta Iñaki Irastorza doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatra. Bertan izan zen, halaber, Luis Castaño, BioCruces Ikerketa Institutuko zuzendaria.
Garmitxa Elkartea 2011ko ekainean sortu zuten IgE-ren parte-hartzerik gabeko alergia gastrointestinal anizkoitzek ukitutako haurren senideek eta lagunek. Gaitz horren ondorioz, elikadura-nahasmenduak izaten dituzte adingabeek, haien gorputzak ez dituelako elikagai ugari onartzen. Zenbait kasutan, intolerantzia erabatekoa da bizitzaren lehen urteetan, eta ezin dute inolako elikagairik hartu. Horrelakoetan, oinarrizko formulekin elikatu behar dira haur horiek, kasu batzuetan modu esklusiboan eta beste batzuetan beste jaki batzuekin batera.
Garmitxaren xede nagusia gaixotasunaren inguruko ikerkuntza sustatzea da. Helburu hori betetze aldera, ekitaldiak antolatzen dituzte, dirua biltzeko. Elkartearen beste egiteko bat zera da, ukitutako familiei babesa eta informazioa ematea eta, aldi berean, gaixotasunaren berri ematea.
Orain arte, Garmitxak Valentziako INCLIVA Fundazioan egiten ari diren azterlan genetikorako laguntza eman du, hainbat donazio eginez azken urteetan: 18.000 € 2014an, 15.000 € 2015ean eta 25.000 € 2016an.
Elkartearen azken lorpena BioCruces Institutuarekin lortutako akordioa da. Haren bidez, ikerketa bat abian jarriko da, ustez IgE-ren parte-hartzerik ez duten nahasmendu digestiboen etiopatogenia eta genetika ikertzeko. Garmitxak 25.000 € eman ditu proiektu horretarako, eta aipatutako ekitaldian entregatu da donazioa.