“Gizarte zibila aldaketa-eragile gisa osasun mentalaren alorrean”

Medicusmundi Bizkaia (MMB) gobernuz kanpoko erakundea da, garapen anitza lortzeko diharduena, herritarrek garapen-prozesuetan parte-hartze aktiboa izan dezaten lan egiten duena, bai eta elkarteen eta jendearen jardueren aldeko apustua egiten duena ere, kulturaren eta elkartasunaren bidez gizartean aldaketak sor daitezen, eta osasuna pertsona guztien eskubidea izan dadin. 

Gaztelaniazko hiztegi batean hondura (“sakontasuna”) hitza bilatzen badugu, adiera hau emango digu: “Zerbaiten sakonera, lurraren hutsuneetan ez ezik, itsasoaren ibaien, putzuen eta abarren hutsuneetan ere bai”. 

Meterse en Honduras esamoldeak, berriz, honelako zerbait esan nahi du: “Gauza sakon eta zailei buruz hitz egitea, horri buruz behar adina jakin gabe…”. Halaxe sentitu nintzen ni, hain zuzen ere, duela lau urte Honduras lehenengo aldiz bisitatu nuenean eta erakunde honek herrialdean zituen proiektu guztiak ezagutzen hasi ginenean. 

Medicusmundi Bizkaiak (MMB) jarraitzen du garapenaren aldeko apustua egiten, betiere ikuspuntu anitz eta parte-hartzailetik; halaber, herritarrek sustatutako gizarte-prozesuak sustatzen ditu, tokiko elkarteekin lankidetzan aritzen da aldaketa bultzatzeko, eta kulturaren nahiz elkartasunaren bidez aldaketa sustatzen duten jarduerak babesten ditu, betiere osasunerako eskubidea bermatze aldera. 

Oraingoan, osasun mentala sustatzeko proiektu bat egin zen, gure gizartean oraindik dagoen estigmak daukan karga dela-eta. Jardunaldi batzuk antolatu ziren eta askotariko eragilek hartu zuten parte; hala, bertan uztartu ziren, batetik, akademia, klinika, unibertsitatea, herritarrak, sexu- nahiz genero-aniztasunaren aldeko kolektiboak eta, bestetik, askotariko komunitate indigenen aspaldiko ezagutzak, hala nola Lenka eta Garifuna herrietakoak, eta miskitoen isolamendua. Gracias a Dios izeneko departamenduan egin ziren jardunaldiak; mangladiak eta oihana direla-eta txalupa eta hegazkin bidez soilik joan daiteke bertara, eta han bertatik bertara ezagutu genuen neskato nahiz emakumeen aurka egiten den genero-indarkeria eta horrek osasun mentalean duen eragina.  Osasun mentalari nahiz giza eskubideei lotutako politika publikoak ezagutzea eta ikuspegi komunitariotik nahiz intersekzionaletik erantzun hobea emateko moduari buruz hausnartzea. 

Medicusmundi Bizkaia erakundearen ordezkari hauek joan ginen Euskaditik: Ricardo Fernández Quintana, garapenerako lankidetza-proiektuen koordinatzailea (berak gonbidatu gintuen aipatutako prestakuntza-jardunaldietan parte hartzera); Fernando Altamira Basterretxea, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea; Nagore Gartzia Fernádez, Gizarte Psikologian doktorea, ikertzaile feminista eta genero-ikasketetan nahiz metodologia kualitatiboan espezializatuta dagoen hezitzailea; eta Marga Sáenz Herrero, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko mediku-psikiatra nahiz EHUko irakasle elkartua. 

Tegucigalpan, prestakuntza-jardueretan hartu genuen parte, non helburu nagusia osasun mentalari ikuspegi komunitario nahiz intersekzionaletik heltzen dioten espazioak zabaltzeko lan egiten duten proiektu nahiz elkarteak ezagutzea eta hausnartzea baitzen. Besteak beste, María Santos Rodríguezen testigantza entzun genuen eta lenka etniako sei emakumeren hilketaren kontakizunarekin hunkitu gintuen, zeina ez baitzen egunkarietako albiste ere izan.

Garifuna etniako emakumeak ere ezagutu genituen. 

Ciudad Mujer bisitatu genuen, Tegucigalpan, non arreta osoa ematen baitzaie genero- nahiz sexu-indarkeria jasaten duten emakume eta adingabeei. Zentro horretan lege-aholkularitza eta arreta medikoa —ginekologikoa, pediatrikoa eta osasun mentalekoa— eskaintzen dira espazio berean, emakumeak ahalduntzeko helburuarekin; hala, beren talentua sustatzen da hezkuntza- nahiz prestakuntza-jardueren bidez, berriz laneratu daitezen.  Horrez gain, haurtzaindegia eta baratze propioa daude, eta askotariko profesionalak aritzen dira lanean, hala nola psikologoak, sexologoak, psikiatrak, obstetrak eta ginekologoak. Horiek horrela, arreta osoa ematen zaie erabiltzaileei, bereziki baliabide ekonomikorik ez duten eta arriskutsua den garraio publikoa erabiliz ibilbide luzea egin behar duten emakumeei; izan ere, askotariko espezialistak herritarrengana hurbilaraziz, saihesten da emakumeak alde batetik bestera ibiltzeko beharra, bai eta horri lotutako seme-alabak uzteko zailtasuna eta laguntza-falta ere.

Emakumeentzako konfiantzako espazioak sortzen dira. Espazio seguruak, bertan eraikitzeko. Une horretan bi erizain zeuden prestakuntza-egonaldia egiten, Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Gazteak Lankidetzan prestakuntza-programaren bidez. 

Beharrizana da ikuspegi feministatik eta sexu- nahiz genero-aniztasuna babesten duen ikuspegitik lan egitea, ez soilik Hondurasen, gure gizartean baizik. Horrek berekin dakar kontuan hartzea nahasmendu mentala zuzenean jasaten duten pertsonen ahotsa. Funtsezkoa da pertsonek eta elkarteek zer nahi duten eta zer behar duten jakitea. Hori ezin dezakegu gure erakundeetan ahaztu. Funtsezkoa da erantzunkidetasun orokorra hartzea eta ulertzea osasun mentala denoi eragiten digula eta, beraz, horren harira mobilizatu eta kontzientziatu behar garela. Nahasmendu mentalen gaineko hausnarketan eta horri lotutako ekintzan gizarte zibila txertatzen badugu, aitortu behar dugu aldaketa ez dagokiela soilik alderdi klinikoari eta politika sanitarioei. 

Estigmak bere horretan jarraitzen du: zoramena arriskutsua dela edo depresioa ahultasunaren ikur dela xuxurlatzen duen ahotsa da. Ezin zaio bakarka aurre egin, denon artean baizik: zaintza emozionala normalizatzen den eskoletan, auzoetan eta elkarteetan. Horrexegatik, izugarri garrantzitsuak dira mugimendu sozialak eta elkarteak, zehazki elkar laguntzekoak eta lehen pertsonan mintzatzen diren ahotsenak.

Elkarte batzuk, esaterako Medicusmundi Bizkaia, Estatua iritsi ezin den esparruetan aritzen dira, isiltasunaren kultura hautsi eta entzumena eta laguntza eskainiz. 

Osasun mentalak espazio pribatu eta iluna izateari utzi behar dio, kausa partekatua eta giza eskubidea izan dadin. Zubiak agertzen direnean, irla bereiziak desagertzen dira; itsasertzak eta itsasbazterrak agertzen dira. Lehenengo urratsa hitz egitea da; hitz egiten ez dena existitzen ez delako. 

Tegucigalpan dagoen Espainiako Kultura Zentroan egin ziren jardunaldian; Yason Serraren ”Distimia de la carne” argazki-erakusketa aurkeztu zen; hala, egilearen bisita gidatu baten bitartez ulertu ahal izan genuen depresio-koadroen oinazea:

Anhedonia: Grisa, zuri-beltza, tristura, bakardadea, zaratarik gabekoa, bete ezin daitekeen hutsunea. Etxe hutsa bezala, non, inor eta ezer eduki barik ere, bertan bizitzera derrigortuta baitzaude.

Inhibizioa: Tristura horren handia denean, nire gorputza izugarri hotz dagoen uretan murgiltzen da. Jada ez dut sentitzen: hutsik dagoen egitura da, disekatuta dagoen sitsa bezala. Ezin naiz mugitu. 

Anestesia: Zerbait sentitu behar dut.

Erruminazioa: Ingudeetara kateatuta egotea, pilatutako erru, damu eta nostalgiak —baita poztasunak ere— balira bezala, denbora igaro ahala geroz eta sakonagoa den hobian zauden bitartean. 

Laguntza izugarria jaso genuen ere Hondurasko Medicusmundi Bizkaiaren eskutik: Carlos Perdomo, Jessy Perdomo eta Nelsy Sandoval. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiot Jessy Perdomori, talde osoa zaintzeagatik eta erakutsitako profesionaltasunagatik nahiz adeitasunagatik. Halaber, esker ona adierazi nahi diet Medicusmundi Guatemalako Betty Porrasi, etxean bezala sentiarazi gintuelako, eta Leireri, Guatemalan dagoen Deustuko Unibertsitateko Lankidetza Masterreko ikasleari. 

Etxean bezala sentitu ginen ere Saraí Perrusquía psikologo eta sexologoa nahiz Jorge Cordón fisioterapeuta ezagutzean, biak ala biak Guatemala hiriko Comunidad Amigable de Diversidad Independiente (CADI) elkarteko boluntario; oso anitza den komunitateari ematen diote arreta bertan, baita Espainiako Estatuko pertsonei ere, online terapiaren bidez.

Beti oroituko dut Gaua musika-taldeko Autoficción abestia entzun izana Nagoreren eskutik Tegucigalpako aurkezpenaren aurretik, bera baita talde horretako abeslaria eta baxu-jotzailea. 

Bihotzean gordeko dut beti María Santosen azken hitzaldia, lenka komunitateari buruzkoa; horren bidez, gonbidatu gintuen lurrarekin birkonektatzera eta gure arteko sareak eratzera, lehenengo aldia balitz bezala, gure arbasoei laguntza eskatzeko eta abiapuntura itzultzeko, ama lurrera. Hasierara. 

Saraírekin egindako ibilaldia ere maitasunez oroituko dut: kafe bat hartu genuen arratsalde batean eta betidanik ezagutuko bagina bezala egon ginen hizketan. Izugarria izan zen ere orain Kulturako ministroa den Anarella Vélezen liburuak bilatzea liburutegietan, bera ezagutu ahal izatea eta lasai asko egotea berarekin hitz egiten Paradiso kafetegian.

Memoria

Irudiak datozkit burura

euri-zaparradako egun bateko tantak bezala

presaz

ezerezetik tormentura

giroan ezustean sartzen den goizeko indarkeriara

gure kaleetan historia berridazten ari den egunak bizitzen ari naiz, etsipenez beterikoak,

eta sentitzen dut

hemen argi berriak distiratzen duela

ibiltariek

erresistenteek

hiria itxuraldatzen dute

hormek euren existentzia xuxurlatzen dute

ez dute ahaztea onartzen. 

(Anarella Vélez)

 

Bihotzean eramango ditut ere Euskadiko Nagore, Fer eta Ricar, gure barreak eta gure salbamendu-garagardoak. Izan ere, Toshiro Kamamori japoniarrak Children full of life dokumentalean esan bezala:

“Zabaldu bihotza, zuk nahi duzun beste jende sartzen da-eta”.

Barruan eramaten zaituztet.

Itzuliko gara.

Tegucigalpa, 2025eko abuztuaren 25etik 29ra

Marga Sáenz (Osasun eta genero taldea)

Noticia anteriorIrama Villar Gómez, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari mediko berria
Noticia siguienteOspitaleak prestakuntza berritzailea eskainiko die Oftalmologiako egoiliarrei, punta-puntako simulagailu kirurgikoekin