Irailaren 12an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan, 3D inprimaketari buruzko jardunaldi bat egin da, Biocruces Bizkaiak eta Medtech ekimenak antolatuta. Topaketa horretan, Bizkaiko ospitaleetan izandako hainbat kasu arrakastatsu ezagutu dira eta, gainera, enpresekiko topaleku bat izan da. Enpresek 3D inprimaketaren sektoreko euskal industriaren aurrerapenak eta ahalmenak erakutsi dituzte.

Horretarako, osasun-arloko hainbat profesionalek teknologia hori hainbat diziplinatan nola aplikatzen den azaldu dute, adibidez: Aurpegi-masailetako Kirurgian, Traumatologia eta Kirurgia Ortopedikoan, Neurologian eta Bihotzeko Kirurgian.

Medikuntzan dagoeneko erabiltzen da 3D inprimaketa eta teknologia horrek geometria konplexuak azkar, zehatz eta kostu txikiarekin lortzea ahalbidetzen du. Bioereduetatik eta pazientearen beraren irudi medikoan oinarritutako ebaketa-gidetatik hasita, inplante eta neurrira egindako protesietara; horiek dira bilakaera eta eragin handiena duten irtenbideetako batzuk.

Ildo horretan, teknologiaren demokratizazioari hala nola material eta ekipo berrietan egindako aurrerapenari esker, osasun-arloko aplikazio berriak aztertzen ari dira, eta kasu askotan, 3D inprimaketa planifikazio eta entrenamendu kirurgikorako, gidak egin eta ebakuntzan laguntzeko, profesional berriei prestakuntza emateko edo pazientearekin komunikatzeko laguntza-bitarteko bat da.

Medtech ekimena

Lehendakaritzak eta Osasun Sailak bultzatzen dute ekimen hau, Berrikuntza Funtsaren bidez. Ekimenaren helburua honako hau da: Euskal Osasun Sistema Publikoari, ikerketa sanitarioko institutuen bidez (ISI), medikuntzako gailuak eta teknologiak probatzeko, baliozkotzeko eta/edo horien kostu-eraginkortasun azterketak egiteko ingurune erreal bateko proba-banku edo living lab rola betetzen laguntzea.

Arlo horretan gero eta lan handiagoa egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori medikuntzako gailuen enpresen Basque Medical Devices Capacities Directory direktorioan islatzen da, baita esparru horrek biozientzien sektoreko fakturazioan egiten duen ekarpenean ere; 2017an, mila milioitik gorako fakturazioa izan du, hain zuzen.