Iragan abenduaren 9an egin zen ESIaren eta BioCruces Bizkaiaren jardunaldia Esperientzitatik eta berrikuntzatik ikasten izenarekin. ESIko zuzendari medikoak aurkeztu zuen topaketa, eta eskerrak eman zizkien parte-hartzaileei. Jardunaldia oparoa izatea espero zuen, asistentzia sanitarioan pazienteei eragindako kalteak minimizatzeko jardunbide egokiak ikasteari dagokionez.
Gainera, Enrique Peiró, Osakidetzako osasun publikoko eta pazientearen segurtasuneko programen koordinatzailea, bi aurkezpenetan izan zen. Lehenean, jakinarazpenen garrantzia azpimarratu zuen, intzidenteetatik ikasteko. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziari aurre egiteko plan nazionala aurkeztu zuen (PRAN).
Erizaintzako zuzendari Pilar Sánchezek kontrako gertakariak (gertakari kalte-eragileak) egoki kudeatzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, kalteak pazienteari erasaten dio (lehen biktima), baina baita esku hartu duten profesionalei (bigarren biktima) eta erakunde sanitarioari berari ere (hirugarren biktima).
Jarraian, segurtasuneko taldeei buruzko aurkezpenak egin ziren: gertakarien kudeaketako ardatza dira. Mikel Latorre ESIko Kalitatearen Unitateko buruak erakundearen segurtasuneko batzordearen osaera eta funtzioak azaldu zituen. Bestalde, Zerbitzu Kirurgikoetako zuzendariorde mediko Ainhoa Epalzak kirurgiako segurtasun-ekipamenduak aurkeztu zituen. Bestalde, Antonio Murillo, ESIko segurtasuneko erreferentea, ESIko lehen mailako arretako zentroetako segurtasuneko gertakariez eta horien arrazoiez mintzatu zen, eta Pediatriako Larrialdietako Yordana Acedok, aldiz, bere zerbitzuan intzidenteak zer-nola kudeatzen diren aurkeztu zuen.
Segurtasuneko tresnen gaineko atalean, Cristina Sánchez ESIko segurtasuneko erreferenteak erizaintzako segurtasuneko erronden hedapena aurkeztu zuen; zer eta nola aztertzen den, eta arloan arloko berezitasunak (ospitalizazioa, larrialdiak, kanpo-kontsultak, lehen mailako arreta, erradiologia eta ebakuntza-gela). Anestesia eta Bizkorketako zerbitzuburu Alberto Martínezek pazienteak ebakuntza-gelatik kritikoen eremura eramatearen alderdi kritikoen egiaztapen-zerrenda aurkeztu zuen.
Halaber, beste zentro batzuetako profesionalek ere parte hartu zuten, esaterako, Oihane Badallo Burgosko Unibertsitate Ospitaleko intentsibistak. Bere ospitalean sepsi susmoa dagoen pazienteen arreta zer-nola dagoen antolatuta aurkeztu zuen. Arazo kliniko horretan, frogatu da diziplina anitzeko asistentzia arinak nabarmen murrizten duela morbimortalitatea.
Jardunaldiaren bigarren zatian, hiru bloke aurkeztu ziren. Lehenean, asistentzia sanitarioarekin zerikusia duten infekzioen (ASZI) bi alderdi landu ziren. Erizaintzako zuzendariorde Verónica Ruizek eta Etxeko Ospitalizazioko gainbegirale Elena Pérezek bi proiektu aurkeztu zituzten zain barneko kateterren erabilerari loturiko infekzioen prebentzioaren gainean. Proiektuotan, jardunbide egokien ebidentzia eta gailuon maneiu egokirako teknologia uztartzen dira.
Pedro Olaecheak, Galdakaoko Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak, Kritikoen Unitateko zero proiektuak aurkeztu zituen (bakteriemia, pneumonia, erresistentzia eta gernu-infekzioa), eta proiektuok pazientearen segurtasunerako ikuspegitik zer-nola ulertu behar diren azaldu zuen.
Bigarren blokeak medikamentuen erabilerari loturiko segurtasuna zuen hizpide. Farmazia zerbitzuko Begoña San Josék ordura arte egindako medikazioaren kontziliaziorako proiektuak eta horien emaitzak azaldu zituen. Leocadio Rafael Lópezek, Farmazia Zerbitzukoa bera ere, farmazia-balidazioaren laguntza-sistema aurkeztu zuen (VALFAR©). Informatika sailarekin elkarlanean ari dira eraikitzen, eta pazientearen informazio klinikoa eta informazio farmakologikoa bateratuko ditu.
Hirugarren blokean, proba erradiologikoetan erradiazioa gutxitzeari buruzkoan, Larrialdietako Zerbitzu Mediko-kirurgikoen zerbitzuko Aitor García de Vicuñak OTA eskaerak doitzeko erabaki-arauei buruzko ikerketa-proiektu bat aurkeztu zuen, eta Erradiologiako zerbitzuburu Olivia Rodríguezek erradiazio ionizatzailea darabilten proba diagnostikoetan igorritako erradiazio kantitatea ezagutu eta gutxitzera bideratutako lana aurkeztu zuen.
Azkenik, ESIko Integrazio Asistentzialeko zuzendari Juan Miguel Campayok hizlarien lanak laburbildu zituen, bloke bakoitzaren jardunbide egokiak nabarmenduta, eta jardunaldia itxi zuen, parte-hartzaileen ahalegina eta arreta eskertuz.