Irama Villar Gómez izendatu dute Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari mediko berria.

Barne Medikuntzako mediku espezialista da Irama Villar Gómez; Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntzako Zerbitzuan egin zuen egoitza, eta ordutik bertan gauzatu ditu asistentzia-lanak. Azken hiru urteotan ESIko Zerbitzu Orokor Klinikoen zuzendariorde mediko gisa aritu da.

Ibilbide profesionalean modu aktiboan hartu du parte askotariko batzordetan eta ospitalizazio-prozesuan; horrez gain, egoiliarren tutore gisa aritu da 2010etik. Asistentzia- eta kudeaketa-lanak irakaskuntzarekin uztartu ditu, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako Fakultateko Medikuntza Saileko (Gurutzetako Irakaskuntza Unitateko) irakasle elkartu gisa aritu baita.

Izendapen honekin, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak zuzendaritza-taldea sendotuko du, esparru asistentzialean, kudeaketa klinikoan nahiz etorkizuneko espezialistak prestatzen eskarmentu handia duen profesionala baita.

Zein erronka eta lehentasun ezarri dituzu Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari medikoaren lanpostuaz jabetzean?

  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferente izaten jarraitu dadin lan egitea eta, aldi berean, gure ESIko pazienteei arreta osoa ematen jarraitzea.
  • Profesionalen beharrizanak ezagutzea, hobeto zaintzeko eta talentua atxikitzeko, haiek baitira erakunde honen baliorik handiena.
  • Pazienteen asistentzia seguruan aurrera egitea, betiere haien beharrizanak kontuan hartuta.

Zuzendariorde mediko gisa duzun eskarmentua kontuan hartuta, zure ustez zeintzuk dira etapa berri honetarako dituzun irakaspenik esanguratsuenak?

Nire aurreko etapatik dudan irakaspen nagusia talde-lanari lotuta dago: arazo bat ebazteko konponbiderik onena da protagonista diren askotariko profesionalak mahai baten inguruan batzea; horixe da emaitza onak izateko bermerik handiena. Urte hauetan pertsonek oro har eta lantaldeek bereziki lagundu didate nire lana gauzatzen, eta bihotzez eskertzen dut.

Zuretzat, pertsonalki nahiz profesionalki, zer esan nahi du erakundean izendapen hau jasotzeak?

Izugarrizko ohorea da niretzat lanpostu hau betetzea, profesional sanitario gisa hazten ikusi nauen erakundea baita, kliniko asistentzial gisa lehenik eta kudeatzaile gisa ondoren. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko kide izateaz harro egon nahiz beti, eta lanpostu hau erronka izugarria da, maila berera egoteko ardura baitakar.

Noticia anteriorOsakidetzak martxan jarri du biztanleria pediatrikoari 1 motako diabetesa goiz detektatzeko estatuko lehen azterlana
Noticia siguienteMedicusmundi Bizkaiaren (MMB) osasun mentalari buruzko jardunaldiak