Duela gutxi, BioCruces Bizkaia Osasuneko Ikerketa Institutuko Immunopatologia taldeak, Ikerbasqueko Francisco Borrego irakasleak zuzenduta, eta Basurtuko Unibertsitate Ospitalearekin, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, artikulu interesgarri bat argitaratu du CD300c izeneko molekula batek erreakzio alergikoetan duen paperaren inguruan. Lana alergien kategorian munduko rankingeko 1. postuan dagoen Journal of Allergy and Clinical Immunology aldizkarian argitaratu da.

E immunoglobulinarekin (IgE) lotutako alergia kontrako erreakzio bat da, alergeno baten aurreko (adibidez, behi-esnea) IgE espezifikoaren ekoizpenak eragindakoa. IgE espezifikoa basofilo eta mastozito izeneko zelula batzuen gainazalean kokatzen da eta alergenoak IgEarekin lotzen direnean zelula horiek aktibatu egiten dira eta erreakzio alergikoen sintomak (gorakoa, beherakoa, hantura, doministikuak, urtikaria, bronkioen buxadura eta abar) eragiten dituzten konposatuak askatzen dituzte.

Alergenoen esposiziopean ez jartzeak erreakzio alergikoak prebenitzeko balio badu ere, terapia berriak diseinatu behar dira, kontakturik egotekotan sintomak arintzeko edo prebenitzeko. Alergiei buruzko egungo ikerkuntzaren helburuetako bat basofilo eta mastozitoen aktibazioa erregulatzean datza, erreakzio alergikoen sintomak eragiten dituzten konposatuak askatzea zailtzeko. Horretarako lehen urratsa zelula horien aktibazioa erregulatzeko gaitasuna duten molekulak ezaugarritzea eta definitzea da.

Zenarruzabeitia eta Borrego doktoreek zuzendutako lan honetan frogatu da basofiloen CD300c molekula adierazten dutela eta azken horren araberakoa dela aktibazio maila.

CD300c bidez egindako estimulazioa molekula hori lipido jakin batzuekin lotzen denean gertatzen da eta, ondorioz, horien presentziak ere eragina du basofiloen aktibazio mailan. Ohar garrantzitsu gisa, behi-esneari alergia zioten haur batzuk ikertzean ikusi zen beren basofiloen CD300c maila haur osasuntsuena baino altuagoa zela. Gainera, CD300c-ren adierazpen mailek korrelazioa zuten haur alergikoek zituzten sintomen larritasunarekin. Hori ikusita, ikertzaileek ondorioztatu dute CD300c biomarkatzaile bat izan daitekeela haurren behi-esnearen alergian, bai eta xede terapeutiko bat ere, oso rol garrantzitsua baitu basofiloen aktibazioan.

Noticia anteriorKonferentzia neurologikoa | Siringomielia eta Chiari-ren anomalia
Noticia siguienteBiocruces Bizkaia ataxia-telangiektasia gaixotasun neurodegeneratiboari buruzko informazio gehiago emango duen azterlan batean parte hartzen ari da