Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren «Ikertu, proiektu eta prototipoen aldez aurreko diseinuaren sortze-prozesuak (2019)» dirulaguntza deialdiari esker, Helena González artistak Barne-medikuntzan esku-hartze artistiko bat egin du.

Proiektu honen helburua da ospitale- eta zaintza-inguruetara egokitutako aldi baterako proposamen artistikoen aukerak eta eraginak ikertzea. Artistaren hitzetan: «Nire lanak hainbat helburu ditu. Batetik, ospitale-inguru soziokultural atsegin baten premia eta beharra aldarrikatu nahi izan dut. Bestetik, harrera- eta zaintza-inguruak kulturarako toki baliotsuak direla. Azkenik, sorkuntza artistikoa zaintza-espazio batera ekarri nahi izan dut, eta espazio ez-artistikoak identifikatu ditut (galeriak, erakusketa-aretoak edo museoak ez direnak), askotariko arrazoiengatik niretzat baliotsuak, esanguratsuak eta interesgarriak izan daitezkeenak, horietan nire piezak ikusgarri jartzeko eta pazienteekin zein langileekin lankidetzan aritzeko, ospitaleko jardueraren ohiko jarduna oztopatu gabe».

Esku-hartzea 2. B solairuko espazio batean gauzatu da (Barne-medikuntza). Espazioa lan-estudio gisa atondu da, eta pieza amaituen sorkuntza-prozesuaren erakusleku gisa, pazienteak eta langileak horietan parte hartzera gonbidatuta.

Helburua da esku-hartzea artistaren jardun-eremura egokitzea, hala nola bertan gertatuko denera eta bertan dauden pertsonetara. Asmoa ez da abstrakzioan diseinatu diren obrak eraman eta ospitale-espazioetan jartzea, baizik eta pazienteekin zein ospitaleko langileekin lankidetzan aritzea, ospitaleko bizipenen parte izango den instalazio bat sortu arte, ospitaleko esperientzia bera eraldatzeko.