Kontsultartekoak ez bakarrik erreferentzia taldea baita sostengu eta profesionalei aholkularitza tresna ere badira. Horretaz gain, bailiabidea da pazienteei osoko eta etengabeko asistentzia emateko.

Ondoren, Prezioko ultzeren, Ospitale loturaren eta ostomien kontsultartekoetan lan egiten duten profesionalak aurkezten dizkizuegu. Haien bidez, kontsultartekoen funtzionamendua eta pazienteen arretan duten garrantzia ezagutuko dugu.

Ostomien kontsultartekoa: erregistroa, koordinazioa eta zainketak

Errai huts batean prozedura kirurgiko baten bidez kanporako irteera bat egitea da ostomia. Hori horrela, arnas aparatuko ostomiak, ostomia digestiboak (elikatzeko eta libratzeko) eta gernuko ostomiak daude.

Ostomiak dituzten pazienteei etengabeko arreta osoa emateko eta, horrekin batera, profesionalen arteko komunikazioa ere hobetzeko, 2015. urtearen erdialdean Ostomien kontsultartekoa abian jarri zen. Haren arduradunak honako hauek dira: Rebeca García Mate (Gernu-hustuketa) eta Mª Teresa San Emeterio Izacelaya eta Marisa Alvarado Vazquez (Hesteetako libratzea).

Ostomien kontsultartekoa garrantzitsua da pazienteentzat, aukera ematen baitu izan litezkeen arazoak goiz antzemateko eta haien jarraipena egiteko. Horrez gain, informazioa, hezkuntza eta trebakuntza ere ematen ditu, bai eta, azkenik, ostomien kanpoko kontsultetan jarraitzen ez dituzten pazienteak erakartzeko parada ere.

Halaber, profesionalen koordinazioa ere errazten du Osanaiaren eta haien erregistroaren bitartez. Ostonomien zainketa orokorretan, gailuen maneiuan zein baliabide materialen kudeaketa onenean trebatzea ere ahalbidetzen du, eta diziplina anitzeko lantaldearen arteko komunikazioa hobetzeko balio du.

Kontsultartekoak berrospitaleratzeen eta haien etiologiaren berri jasotzeko aukera ematen du, orobat, eta estatistika fidagarriagoak egin daitezke horrela. Hori horrela, 2016an, ospitalean kanporatze digestiboko 126 ostomia berri izan dira, ospitale-barneko 32 kontsultarteko egin dira eta ostomiak daramatzaten pazienteen 31 berrospitaleratzeren jarraipena egin da.

Ospitale Loturaren kontsultartekoa: pazientearen balorazioa eta baliabideen aktibazioa

2015eko uztailetik dabil jardunean Ospitale Loturaren kontsultartekoa; Ospitale Loturako erizain hauek dira haren arduradunak: Raquel Rodríguez eta Olga Telletxea. Kontsultarteko horren eginkizun nagusiak hauek dira: patologia anitzeko paziente kronikoa baloratzea ospitaleko edo larrialdietako alta emateari begira, hurrengo laguntza-mailarekin koordinaturik betiere (Lehen Mailako Arreta), eta patologia anitzeko pazientearen erreferentziako erizainak edo erizaintza praktiko aurreratuak etxean haren jarraipena egitea, pluripatologiaren edo kronikotasunaren arabera.

Kontsultarteko honek Osabide Globalean (Pazientearen Historia Klinikoa) intzidentziak erregistratzea du helburutzat, hau da, eskatzen duen zerbitzua, ospitaleko lotura-erizaina eta koordinaturik eginiko urratsak.

Nola jo kontsultartekora eta zein da haren funtzionamendua?

Osabide Globalen bitartez dago sarbidea: Ospitalea eta/edo Larrialdiak atala. Kontsultartekoak/Helmugako Zerbitzua: Erizaintza/Helmugako Atala: Ospitale-loturako erizaina.

Hauxe da haren funtzionamendua: interesaturik dagoen zerbitzua gurekin jartzen da harremanetan pazientearen balorazioa eta baliabideen aktibazioa eskatzeko.

Zer egiten da kontsultartekotik?

Ospitale-loturako kontsultartekotik mendekotasuna baloratzen da Barthel-en Eskalaren arabera, Hauskortasuna baloratzen da (HARP eskala) eta Osabide Globalaren inprimakietan erregistratzen dira biak. Horrez gain, zaintzaile nagusia identifikatzen da, kontsulten kudeaketa egiten da (hitzorduen taldekatzea, adibidez), eta harremanetan jartzen da maila ezberdinekin: Lehen Mailako Arreta, Etxez Etxeko Ospitaleratzea, beste osasun-zentro batzuk eta abar.

Zer garrantzi du kontsultartekoak?

Profesionalen arteko komunikazioa errazten duelako da garrantzitsua batez ere. Gainera, egindako urrats guztiak erregistraturik gelditzen dira pazientearen historian, eta datuen konfidentzialtasuna ere bermatzen da.

Presioko ultzeren tratamendu eta prebentziorako interkontsulta berria

Presioagatiko ultzerak (PU) mugikortasun urria daukan edozein pertsonak ager dezakeen arazo saihesgarriena eta tratagarriena da. Erabateko lotura du Pazientearen Segurtasunarekin eta osasun-profesionalek eta zaintzaileek ematen duten arretarekin.

Hori horrela, ESIko Ultzeren Batzordeak prebentzio eta tratamendurako interkontsulta bat sortzeko ekimena gauzatu du presioko ultzerei dagokienez (PU).

Interkontsultan ESIko bi erizain daude: Karmele Pérez del Pecho eta Mari Jose Monguilo. Prebentzio eta zainketetako adituak dira, eta behar den estaldura eskaintzen dute. Interkontsultaren helburu nagusia profesionalentzako erreferentzia, euskarri eta aholkularitzako lantalde gisa aritzea da, irizpideak bateratu eta jarduketetan aldakortasun klinikoa murriztu ahal izateko eredua garatzearren. Horrez gain, profesionalen arteko komunikazioa eta arretaren kalitatea hobetzea ere badu xedetzat.

Interkontsultaren funtzionamendua hobeto ezagutuko dugu haren arduradunen eskutik.

Nola funtzionatzen du interkontsultak?

Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu profesional orok duela interkontsulta eskatzeko aukera Osabide globaleko interkontsulten ataletik. Kontsulta jasotakoan, pazientea bisitatuz eta/edo hura bidaltzen digun erizainarekin mintzatuz ebatziko dugu. Kontsulta fisikoa da batez ere baina, zergatiaren arabera, telefonoz ere egin daiteke.

Kontsultak prebentzio- zein tratamendu-zalantzak ebazten dituela gogorarazi nahi dugu, gainera, eta kontsultaren arabera erabakitzen dugula zer jarrera hartu. Azkenik, garrantzitsua da jakitea gomendioak pazientearen bilakaeran erregistratzen direla.

Zer egiten da kontsultartekotik?

Funtsean indikazioei, zalantzei eta prestakuntzari buruzko kontuei. Presioko ultzeren prebentzioari eta tratamenduari buruzkoak dira horiek betiere.

Zergatik da garrantzitsua presioko ultzeren interkontsulta bat egotea?

Hainbat arrazoi daude. Nagusia presioko ultzeren %95 saihesgarriak direlako, protokolo egokiak aplikatzekotan. Halaber, tratamendu egokiak, gida klinikoen protokoloei eta gomendioei jarraikiz, bilakaeraren denbora murrizten duelako; horrelakoek, izan ere, arazoak saihesten dituzte eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzen dute. Azkenik, profesionalen artean jarduteko irizpideak bateratzeko balio duelako.

Ospitaleko langileentzat bakarrik al da interkontsulta?

Oraingoz bai, baina ESIko erizaintza osoak interkontsultarako sarbidea izateko lanean ari gara.

Azkenik, zer garrantzi du presioko ultzeren prebentzioak?

Oroz gain, nabarmendu beharra dago azterketa askok agerian uzten dutela presioko ultzerak ordu gutxi batzuen buruan sor daitezkeela eta sendatzeko hilabeteak behar izan ditzaketela; horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa.

Halaber, presioko ultzera batek laukoiztu egiten du pazientearen heriotza-tasa, eta seikoiztu ere egiten du ultzera konplikatzen bada; horrez gain, ospitale-prozesua luzatzen du eta pazientearen zein senitartekoen bizi-kalitatea murrizten du, eta eragin handia ere badu maila guztietan pazienteen bizi-kalitatean: maila fisiko, psikologiko eta sozialean.

Maila fisikoari dagokionez, presioko ultzerek eragin nabarmena dute eguneroko bizitzako jarduerak egitea galarazten dieten muga fisikoengatik; hori dela eta, bizi-estiloa aldatu behar izaten dute eta, batzuetan, ingurunea egokitu ere egin beharko dute.

Azkenik, zauri mingarriak dira eta farmaziako gastu handia eragiten dute (zauritutako aldea garbitzeko materialak, aposituak, konplikazioen tratamendua, kirurgia-operazioak eta diagnostikoak, minaren tratamendua, zainketen epea luzatzea, ospitaleko egonaldia handitzea, etab.).

Noticia anteriorBizintek Saria, Ospitalean eta BioCrucesen aplikatzeko gailu batentzat
Noticia siguiente«Ospitalea eta ekintzailetza» Berrikuntza Foroa