Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuak abian jarri du Medikuntza Intentsiboan arnasbideen maneiu osoa eguneratzeko ikastaro berritzailea, espezialitate horretako mediku nahiz egoiliarrei zuzenduta. Irailaren 22an eta 23an egin da prestakuntza, zerbitzu horren simulazio-arloan, eta online-faseaz gain entrenamendu praktikoko aurrez aurreko bost ordu hartu ditu barne. 

Arnasbideak oro har eta bereziki arnasbide zaila maneiatzea Medikuntza Intentsiboko profesionalen gaitasun kritikoenetako eta konplexuenetako bat da. Trakea-intubazioa arrisku handiko prozedura da, bai teknikagatik, bai balizko konplikazioengatik. Horrenbestez, eguneratzea eta etengabe entrenatzea funtsezkoa da paziente kritikoen segurtasuna bermatzeko.

Ikastaroaren berrikuntza nagusienetako bat da 3D simulagailuak erabiltzea. Simulagailu horiek 3D teknologiarekin inprimatu dira, eta horien diseinuak ahalbidetzen du benetako portaera anatomikoa simulatzea. Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuaren 3D inprimaketako lantaldeak garatu ditu; teknologia horiei esker, profesionalek gaitasun teknikoak eskuratzen dituzte, ingurune kontrolatu, seguru eta irisgarrian simulatzen baitituzte prozedurak, pazienteari arriskurik eragin barik.

Parte-hartzaileak lau estaziotatik txandakatuko dira eta trebetasun hauek jorratuko dituzte: aireztatzea, intubazio orotrakeala (zuzena nahiz zeharkakoa), fibrobronkoskopiaren bidez gidatutako intubazioa eta arnasbidearen esku-hartze kirurgikoa.

Zerbitzu horretako espezialistek osatzen dute irakasle-taldea: María Isabel Béjar Alonso, Pablo Serna Grande, Elena Panera Martínez eta Marta Rubio Gaztelu. Talde txikietan gidatuko dituzte ikasleak, gehiago ikasi eta elkarreragin handiagoa izan dezaten.

Horrelako ekimenen bidez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta BioBizkaiak berretsiko dute paziente kritikoenganako arretaren segurtasunarekin eta bikaintasunarekin duten konpromisoa, eta beren profesionalen prestakuntza praktikoaren nahiz berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egingo dute.

Noticia anteriorOspitaleak prestakuntza berritzailea eskainiko die Oftalmologiako egoiliarrei, punta-puntako simulagailu kirurgikoekin
Noticia siguienteEuskadi, elkartasunaren erreferentea Gazako adingabeen harreran eta osasun-arretan