Gure ESIan ezarritako Jardunbide Egokien Gida Ezartzeko Programak (Best Practice Spotlight Organization, BPSO®) helburutzat du zainketetan jardunbide egokiak ezartzea, ebaluatzea eta mantentzea. Ebidentzian oinarritutako praktika klinikoko gidak eta protokoloak erabiltzeak aukera ematen digu ezagutza handienarekin lan egiteko, praktika klinikoa hobetzeko eta aldakortasuna murrizteko. Baina ebidentzia izatea ez da nahikoa; eguneroko praktikan txertatu behar da.

Praktika klinikora eraman ahal izateko, metodologia sistematiko, esplizitu eta erreproduzigarri bat behar da. Horretarako, RNAO elkartearen jardunbide egokien gidak eta gure errealitatera hoberen egokitzen diren gomendioak aukeratzen dira. Egungo egoera aztertu, eta helburuak eta gauzatu behar diren jarduerak planifikatzen dira, bai eta monitorizazioa eta ebaluatu behar diren adierazleak ere.

Erizain ebaluatzailearen eginkizuna ezinbestekoa da proiektu honetan. Erizain laguntzaileek osatzen dute ebaluazio-taldea, eta emaitzak monitorizatzeaz eta ebaluatzeaz arduratzen da. Hain zuzen ere, emaitzak laguntza langileek ebaluatzeak balioa ematen dio bai ebaluazioari bai egunero-egunero ematen duten laguntzari.

BPSO® programa ebaluatzean, gomendioak betetzen diren eta ezagutzan aldaketarik dagoen egiaztatzeaz gain, giden eragina ebaluatzen da. Ezarpenaren lehen 3 urteean, ebaluazioa hilean behin egiten da. Hala, ebaluazio-taldea hilean bi aldiz biltzen da ospitaleko informatika-gelan, ospitaleko alta guztien historia klinikoak ebaluatzeko; eta, hilean 5 aldiz, lehen mailako arretako kontsultetara egiten diren bisitak ebaluatzeko.

Monitorizazioa egiteko, datuak biltzeko online tresna bat daukagu (Care EvaluationIndicators CarEvID®). Tresna horretako formularioetan, programan ezarritako adierazleak agertzen dira. Adierazleak ebaluatuta, unitate bakoitzeko proiektuaren zeharkako ikuspegia izan dezakete, planifikatu eta ezarri diren ekintzak izaten ari diren efektua ikustea ahalbidetzen baitu. Hau da, ebaluazioari esker, joan nahi dugun norabidean goazen jakin dezakegu.