Euskadi Hostaren zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentroen deialdiaren lehen atala gainditu du ESIak, BPSO jardunbide egokien gida ezartzeari lotuta.

Best Practices Spotlight Organizations (BPSO, ingeleseko siglen arabera) osasun-erakunde edo erakunde akademikoak dira, Ontarioko Erizainen Elkarte Profesionalak (RNAO, ingeleseko siglen arabera) hautatzen dituenak, RNAOk garatutako jardunbide egokien gidak ezartzeko eta ebaluatzeko hautapen-prozesu baten bidez.

Gure ESIak ilusioz heldu dio proiektuari; profesional asko daude tartean, eta helburua da ematen diren zainketak eskura dagoen ebidentziarik onenean oinarritzea, horiek ebaluatzeko eta metodologia zientifikoarekin hobetzeko. Lan egiteko modu honek, gainera, ikerketa errazten du; hartara, ematen ditugun zainketei buruzko ebidentzia berria sortzen da.

RNAOren estandarrak munduko altuenetakoak dira eta laguntza mailako gomendioak ezartzen dituzte, baina baita prestakuntzaren eta kudeaketaren arloetakoak ere, laguntza-jarduerari ikuspegi globala emanez.

Erakunde bat BPSO® programan sartzen denean RNAOren jardunbide egokien gidak ezarri, zabaldu eta ebaluatzeko, hostak babesa eta jarraipena ematen dizkio aldizkako bileren eta txostenak aurkeztearen bidez. Gainera, informazioa RNAOrekin eguneratzen du, eta BPSO® programaren arrakastak, erronkak, galderak eta auziak kokatzen den herrialde edo eskualdean oro har azaltzen ditu.

RNAOk ezarpenean laguntzen die BPSO® erakundeei, honako hauen bidez: prestakuntza, eskura dauden baliabide guztietarako sarbidea, prototipoen jakinarazpena, bultzatzaileen sarea, ezartzeko tresna eta prestakuntza-baliabideak, jardunbide egokien giden aplikazioak eta ezartzeko beste baliabide batzuk. Horrez gain, aldian behin bilerak egiten ditu eta giden hedapenari, ezarpenari eta eguneraketari, iraunkortasunari eta ebaluazioari buruzko tutoretzak eta kontsultak eskaintzen ditu adituekin.

Gida hauek ezartzea zainketen bikaintasunerako jauzi kualitatibo bat da, ESI honen Zuzendaritzak irmo babestuko duen konpromiso bat.

Fernando Ramos
Hezkuntza-prozesuen, Garapen Profesionalaren eta Ikerketaren ondokoa

Noticia anteriorEzkerraldea Enkarterri Cruces eta Barakaldo Sestao erakunde sanitarioetako profesionalak lanean ari dira Bronkiolitis Akutuaren arreta hobetzeko asmoz
Noticia siguiente«Van Goghetik Picassora. Thannhauserren legatua» Ospitaleko Ikasgelaren «Sortuz sendatu» programan