ESIren helburuetako bat pazienteari eta herritarrari balioa ematea da, haren gogobetetzea eta segurtasuna hobetuz. Premisa hori abiapuntu, ESIk pazienteari inporta zaizkion eta balioa ematen dioten emaitzak neurtu nahi ditu.

Horrela, Zuzendaritzak ICHOM nazioarteko partzuergoan parte hartzearen alde egin du; partzuergo hori Harvard Business Schoolek, Karolinska Institutuak eta Boston Consulting Groupek osatzen dute. Osasunean emaitzak neurtzeko estandarrak garatu ditu, mundu osoko zerbitzu eta erakunde sanitario desberdinak hartzen ari direnak; gurea lehen erakunde sanitario publikoa da.

ICHOMen helburua «osasungintzaren potentziala garatzea da, balioan oinarrituta, patologia garrantzitsuenetan pazienteari benetan axola zaizkion emaitzak neurtzeko estandar-sorten definizioaren bidez, estandar horiek bereganatzea bultzatuz eta emaitza horiek mundu-mailan zabalduz».

Gure Erakundean iktusaren eta prostatako minbiziaren patologiekin hasi gara lanean, laneko metodologia ikasi eta gure ESIn barneratzeko helburuarekin, eta emaitzen arabera, beste esparru batzuetara zabaltzeko asmoarekin. ICHOMen estandarren bidezko neurketak, hau da, pazienteen tratamenduen emaitzen neurketak, gainera, beste helburu batzuk ere baditu: jarduera ikastea eta hobetzea, beste batzuen artean.

Erakunde sanitarioen funtsezko helburua pazienteei haien gaixotasuna sendatzen, haien ondoeza arintzen laguntzea da, denboran zehar haien osasuna kudeatzen laguntzea. Horretarako, funtsezkoa da prozeduren, prozesuen, egituren eta sistemen emaitzen datuak izatea. Horrela, nazioartean onartutako neurketetatik eratorritako datuek jatorri geografiko desberdinetako taldeei elkarrengandik ikasteko aukera ematen diete. Azken finean, emaitzak estandar beraren arabera neurtzeak eta zabaltzeak osasuneko emaitzei buruzko hizkuntza komun bat finkatzeko aukera ematen du, baita osasuneko balio kontzeptuan zentratzeko ere; Michael Porterrek, ICHOMen sortzaileetako batek, honela definitzen du balioa: «pazientean lortutako emaitzen eta haien kostuaren arteko lotura».

Noticia anterior3D teknologia medikuntzaren zerbitzura
Noticia siguienteLa Cuadri del Hospi elkarteak 129.520 euro eman dizkio Biocrucesi haurren minbizia ikertzeko