Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Athletic Fundazioak ospitaleko pediatriako larrialdietako gune humanizatuagoak aurkeztu dituzte gaur goizean. Larrialdietako korridore eta kontsulta-geletako dekorazioan eraginez, ingurune atseginago bat sortu da, entretenimendurako osagaiz hornitua, urtero larrialdietan artatzen diren 55.000 harri baino gehiagori beldurra gainditzen laguntzeko.
Ospitaletako pediatriako larrialdi-zerbitzuetan, nabarmen egin du gora bisita kopuruak azken hamarkada hauetan herrialde industrializatu guztietan. Hala ere, larrialdietara jotzeko erabakia ez da atsegina izaten. Inork ez du gustuko bere familia-bizitzaren dinamika eten eta ospitale batera joan behar izatea, dela haurrak sukarra duelako, erori egin delako edo bestelako osasun-arazo bat duelako. Haur eta nerabeek ere ez dute gustuko.
Une horietan, handitu egiten da pazienteen herstura, kezka eta beldurra. Pentsa dezagun nolako aurpegia ipini ohi duten medikua hurbiltzen zaienean (edo haiek auskultatzen saiatzen denean), odola ateratzen dietenean edo zauri bat sendatzen dietenean… Eta ez ditzagun ahaztu haur horiei bururatuko zaizkien baina ahoz adierazten ez dituzten gauzak.
Inpaktua leuntzeko eta larrialdietako esperientzia ahalik eta atseginena bihurtzeko asmoz, Athletic Fundazioak eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak geletako eta korridoreetako dekorazioa egokitzea erabaki dugu; horretarako, irudi edo marrazki hezigarriak eta alaiak erabili ditugu, kolore atseginetakoak eta kirola sustatzen dutenak. Ildo horretan, eta haurra entretenitzeko asmoz, sabaian irudiak proiektatzen dituzten DVD irakurgailu batzuk instalatu ditugu, pazienteak ikusi ahal izan ditzan andan etzanda dagoen bitartean.
Material sanitarioa kustomizatzea eta sariak.
Beste zerbait ere bururatu zaigu: Zergatik ez kirolaren balioak txertatu ospitaleko eguneroko jardueretan? Horra hor, ideia horren atzean, osasun-arloko profesionalek egunero erabiltzen dituzten estrategiak haurrei jostura bat egin behar dietenean, bide bat ireki, txerto bat ziztatu, odola atera… euren parte-hartzea eta laguntza lortzeko.
Tresneria sanitarioak (orratzak, serumak, aposituak, bendajeak eta ferulak), nahiz eta erruz erabiltzen den pediatria-arloetan, beldurra eta herstura sorrarazi ohi ditu haurrengan. Tresneria horren itxura aldatu eta atseginagoa bihurtuz, haurrek une hori iritsitakoan gehiago laguntzea lortuko dugu, eta nota altuarekin gainditzen lagunduko diegu.
Eta, gainera, esku-hartze sanitarioaren ostean sari txiki bat ematen badiegu (pegatina bat, tatuaje bat…), haien arreta sarian biltzea lortuko dugu, eta une horretan beharbada sentituko duten minetik desbideratuko dugu haien gogoa. Zer esanik ez, gainera, sari hori Athleticekoa bada… Pozarren egongo dira!
Hori dela eta, Athletic Fundazioaren ekarpenari esker, pauso bat gehiago ematea erabaki dugu: laster, ospitaleko pediatria-arloetan gehien erabiltzen den material sanitarioa (xiringak, aposituak, serumak, ponpak, bendajeak, ferulak eta abar) kustomizatu egingo dugu, kirol gaiak erabilita. Intsignia formako pegatinak sortuko ditugu, baita errefortzu positiboko mezuak dituzten tatuajeak ere, sari gisa emateko haurrei, osasun-langileak esku hartzean agertu duten ausardiagatik.
Gure erakunde barruko pediatria-arloak 819.287 pazienteko populazio bati ematen die zerbitzua; izan ere, Ezkerraldea-Enkarterri arloetako pazienteei ez ezik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzua Uribe eta Barrualde eskualdeetarako erreferentzia-zentroa ere bada. Gainera, espezialitate batzuetan (esate baterako, giltzurrunaren transplanteak, sortzetiko kardiopatiak, metabolismoaren sortzetiko hutsegiteak edo haurren minbizia), Euskal Autonomia Erkidego osoko eta hurbileko beste erkidego batzuetako pazienteak ere artatzen ditu. Bestalde, gaur egun, gure eragin-eremuko familia gehientsuenek jo behar izaten dute gutxienez behin beren seme edo alabarekin pediatriako larrialdietara.
Azpimarratzekoa da bere berrikuntza irekiaren lerro estrategikoari esker, osasun-zentroak Athletic Fundazioarekin harremanetan jarri, eta pediatria aldean izandako sormen tailer batean, erakunde bien arteko lankidetza-eredua garatu zen.
Horrez gain, azken urteetan zehar, hainbat ekimenetan lanean dihardugu gure erakundean, egunero artatzen ditugun haur eta nerabeei eskaintzen diegun arreta humanizatzeko. Pertsonak osasun-sistemako ardatz nagusi bihurtzeko Osakidetzak diseinatua duen estrategiarekin ere bat egiten dugu.
Hori guztia dela eta, Athletic Fundazioarekin elkarlanerako ideiak identifikatzeko lan-saio bat egin ostean, oso interesgarria iruditzen zaigu batera esku hartu ahal izatea eta horrelako jarduketak pediatria-arretaren eremu osora zabaldu ahal izatea, lehen mailako arreta barne.