Tratamendua jasotzeko erradioterapiara datozen neska-mutilek aukera dute beren maskaretan pertsonaia kutunenaren irudia marrazteko. Francisco Casquero doktorearen abileziari eta pintzelei esker, ezusteko opari bat jasotzen dute, erradioterapiako esperientzia poztu eta hobetzeko.
Maskarak, egiatan, lepoan eta buruan tumore-lesioak dituzten pazienteen tratamenduan erabiltzen diren immobilizazio-gailuak dira. Horiei esker, tratamendua zehaztasunez eman daiteke. Egiteko errazak dira: termoplastiko bat labean edo uretan berotzen da 73 graduan, ateratzean tenperatura berehala jaisten da eta materiala elastiko bihurtzen da, pazienteari jartzen zaio eta horrela haren neurrira egindako maskara bat lortzen da. Guztiz doitu behar zaio pazientearen formari, immobilizazioa ondo egin ahal izateko. Maskarak mahaian finkatzeko sistema bat du. Maskara berarekin egiten da planifikatzeko OTA, erradiazioa zer eremutan eman behar den jakiteko.
«Erradioterapiako teknikariek haurrei galdetzen diete zein pertsonaia nahi duten. Batman, Spiderman, Txakur Patruila, Frozen eta gisakoak izaten dira», dio Casquero doktoreak. Gutxika-gutxika margotzen ditu. Horrela, tratamendura etortzen diren bakoitzean (normalean 15 eta 20 saio artean egiten dira) ikusten dute gero eta xehetasun gehiago dituela pertsonaiak, azkenean guztiz amaitua egon arte. Beren ausardiaren sari gisa, tratamendua amaitzean etxera eraman dezakete.
Pazientearen esperientzia hobetzeak eragina du haren aldartean, zalantzarik gabe, eta, kasu honetan, arrakasta segurua da: «Poz-pozik daude, eta batzuetan tratamendua ahazten laguntzen diete. Oro har, erradioterapiako tratamenduetan lasai egoten dira, ez dagoelako ziztadarik edo odol-ateratzerik, oso ondo toleratu ohi dute pazienteek tratamendu hau, ez du inolako eraginik unean bertan, ez dute goragalerik izaten, etab.», dio Casquero doktoreak.