Sarbide baskularraren ondoriozko konplikazioak dira iatrogenia ohikoenetako bat ospitaleratutako pazienteen artean. Osakidetzak berriki argitaratu du «Helduen sarbide baskularra zaintzeko gida», eta ESI guztietako profesionalek parte hartu dute haren lanketan. Gida atsegina eta argigarria da, oso erabilgarria Erizaintzarako, zaintzan duen inpaktuagatik, eta, era berean, sarbide baskularraren erabilerari buruzko ezagutza zientifikorik fidagarriena eta eguneratuena biltzen du.
Gidaren helburua da eskura dauden zainketa baskularraren inguruko ebidentzia zientifikoetara egokitzea jarduera profesionalaren praktika, profesionalen jarduketa-irizpideak bateratzea, erabakiak hartzen laguntzea eta sarbide baskularrekin lotutako konplikazioak gutxitzea.
Gure Erakundetik, Alfonso Aizpuru Martínez, Etxez Etxeko Ospitaleratze Zerbitzuko erizaina eta Zain barneko Terapiako Taldeko kidea, jardun da gida adostu eta landu duen lantaldean:
Nolakoa izan da gida hau kudeatzeko eta egiteko prozesua?
2018. urtearen erdialdean, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza, Erizaintzako Irakaskuntza eta Ikerketako arduradun Marian Cidoncha koordinatzaile zela, harremanetan jarri zen gurekin eta beste ESI batzuetako zenbait erizainekin; izan ere, interes amankomun bat genuen: gure erakundeetan sarbide baskularraren inguruan egiten ditugun zainketetan sakontzea eta zainketa horiek hobetzea.
Hasiera batean, gailu oso zehatz baten erabilera zehaztera mugatu zen gida: sartze periferikoko kateter zentrala (PICC). Baina, lan horretan aurrera egin ahala, argi ikusi genuen beharrezkoa zela helduei jartzen zaizkien sarbide baskularreko gailu guztietara zabaltzea gida, asko baitira.
Gure lanaren ardatza izan da gomendioei euskarria emango dien ebidentzia zientifikorik onena bilatzea. Horretarako, nazioarteko gidarik prestigiotsuenak eta gaiari buruzko bibliografiarik eguneratuena berrikusi dira.
Era berean, funtsezkoa izan da Estatu mailan infusioari eta sarbide baskularrari buruzko ezagutzan prestigio handia duten kanpoko ikuskatzaileak bilatzea, bai eta haien ekarpenak ere.
Egin behar izan den lan eskergaren eta, bereziki, esparru guztietan mugatzen gaituen pandemiaren ondorioz, egileok nahi genuena baino askoz denbora gehiago behar izan du gidak argitara ateratzeko.
Zer garrantzi du gida hau garatzeak praktika klinikorako?
Gaur egun, zainetako sarbidearen hautaketa eta zaintza oso desberdina da unitateen arabera, bai eta lan horiek gauzatzen dituzten pertsonen arabera ere. Gida honen helburua da aldakortasun hori desagerraraztea eta jarduketen homogeneizazioa lortzea, ebidentzian oinarrituta.
Hasiera-hasieratik gure lana markatu duen espiritua izan da tresna guztiz praktiko eta erabilgarri bat lortzea, erizaintzako eguneroko jardunerako. Horretarako, erreferentzia oso teknikoak edo espezializatuak baztertu ditugu, erraz ulertu eta inpaktu oso bisual bat lortze aldera, erizainei sarbide baskularrak aukeratzen, maneiatzen eta zaintzen laguntzeko, horretan dituzten ezagutzak oinarrizkoak edo aurreratuak diren gorabehera.
Hori guztia lortzeko, oso garrantzitsua da gida ahalik eta gehien hedatzea eta erabiltzea. Hori lortzeko, eskuragarri dago jada intranetean. Halaber, egileok sare sozialen bidez zabaldu dugu eta oso harrera ona izan du; hain zuzen, elkarte zientifiko batzuek aipatu eta indexatu egin dute. Unitateetan formatu fisikoan ere eskuragarri egotea espero dugu.