OSI EZKERRALDEA ENKARTERRI CRUCES

Baraila-distonietarako gida egokitua

Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzuak pazientearen ezaugarri anatomikoei egokitutako gida bat sortu du, baraila-distonietan, toxina botulinikoa infiltratzeko alboko muskulu pterigoideoan. Baraila ixteko distonia –barailaren eskuineranzko desbiderapenarekin– zuen paziente batekin erabili da gida lehendabiziko aldiz.

 Toxina botulinikoarekin muskulubarneko infiltrazioak egitea da gaur egun distonia fokaletan egiteko aukeratu ohi den tratamendua.  Muskulu horren eta iristeko zailak diren muskuluen infiltrazioak, orain arte, bibliografian eskuragarri zeuden lokalizazio anatomikoen mapen bidez eta koordenatu orokorren bidez egiten ziren. Paziente guztien anatomia berdina ez denez, infiltrazioak ez ziren oso zehatzak; gainera, ez ziren hain eraginkorrak eta bigarren mailako ondorioak izateko aukera gehiago zegoen. Horrez gain, batzuetan, iristeko zailak diren muskuluetan infiltrazioa egitea ez da erraza, adibidez, alboko muskulu pterigoideoan, alboko itxiera eta desbiderapeneko baraila-distonia dagoenean.

Muskulu horretan eta, etorkizunean, beste muskulu batzuetan infiltrazio zehatzagoak egiteko helburuarekin egin da pazienteari egokitutako gida. Horri esker, infiltrazioak seguruagoak eta zehatzagoak izango dira, eta bigarren mailako ondorioak murriztu eta emaitzak hobetuko dira.

Emandako pausoak

 Jesús Carmelo Martín doktoreak, Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzukoa, eta Fernándo Velasco doktoreak, Neurologia Zerbitzukoa, BioCruces OII/EEC ESIko Berrikuntza Unitatearekin elkarlanean, pazienteari egokitutako gida egiteko aukerak aztertu zituzten. Ospitaleko Zuzendaritzaren laguntzarekin ikerketa-proiektu bat egin ondoren, MIZAR enpresaren bidez (neurrira egindako osasun-produktuak ekoizten ditu) osatu da gida. Proiektuak ingeniaritza eta medikuntza batzen ditu eta zenbait diziplinako profesionalen parte-hartzea eskatzen du: Imanol Lambarri doktorea, Neurofisiologiakoa, eta Rafael Villoria eta Ainara Dolado doktoreak, Erradiologiakoak.

Erabilitako baliabideak

Gida sortu eta infiltrazioak egin ahal izateko, lagun eta enpresa ugarik esku hartu behar izan dute. Osakidetzaren aldetik hauek parte hartu dute: Erradiodiagnostiko Zerbitzuko kideak (aurpegiko OTA egin dute, dagozkion egituren neurriekin), Aurpegi-masailetako Kirurgia Zerbitzua (haiena da ideia originala, eta proiektuaren plangintza), Neurologia Zerbitzua (pazientea hautatu eta infiltrazioa egin dute), Neurofisiologia Kliniko Zerbitzua (infiltrazioan zehar, erregistro elektromiografikoa egin dute, muskuluaren infiltrazioa egokia zela egiaztatzeko), BioCruces OII/EEC ESIko berrikuntza-arloa (proiektua koordinatu dute). Horrez gain, MIZAR enpresak ere parte hartu du (gida sortu du).

Emaitzak

Gidari eta erregistro elektromiografikoari esker, infiltrazio erabat zehatza eta akatsik gabekoa egin ahal izan da aipatutako muskuluan; infiltrazio-teknikari loturiko bigarren mailako ondorio posibleak murriztu dira (ez da inolako ondoriorik detektatu) eta emaitza kliniko hobeak lortu dira (bisualki eta pazientearen iritzi subjektiboarekin egiaztatu da).

Bigarren infiltrazioan, pazientea objektiboki zein subjektiboki hobetu da. Paresia arin bat izan du aurpegiaren behe-erdialdean, baina egun batzuk barru sendatuko da. Infiltratu gabeko muskuluetan toxina zabaltzeagatik gertatzen da hori, eta ondorengo infiltrazioetan dosi txikiagoak sartuz konpontzen da.

Exit mobile version