Mikrokirurgia-prestakuntzako beste edizio bat egin da urtarrilean, eta Kirurgia Orokorreko, Aurpegi-masailetako, Urologiako, Kirurgia Plastikoko, Otorrinolaringologiako eta Kirurgia Pediatrikoko espezialitateetako hirugarren eta laugarren urteko zortzi mediku egoiliarrek parte hartu dute. Jaime Carames eta Juan José García kirurgialari plastikoak, Aurpegi-masailetako Kirurgiako Borja Andicoechea, Neurokirurgiako Alejandro Carrasco, Kirurgia Pediatrikoko José Luis Blanco eta BioCruces Bizkaia Institutuko Patxi Álvarez izan dira ikastaroko irakasleak.

Egoiliarren eta kirurgialari espezialisten simulazioa eta entrenamendu progresiboa funtsezkoak dira haien kirurgia-trebetasunak garatzeko eta mantentzeko. Ildo horretatik, ikastaroak bi zati izan ditu: batetik, espezialitate kirurgiko guztietarako oinarrizko zati bat, modelo simulatuekin eta zuzenekoekin, eta, bestetik, zati espezifiko bat, animalia-modelo esperimentalekin. Azken horretan, prestakuntza ebaluatzeko sistema egituratu bat erabili da, eta prozesu kirurgikoko trebetasun mailak objektibatu dira.

ESIko Zuzendaritza Medikoak eta Zerbitzu Kirurgikoetako Zuzendariordetzak eta BioCruces Osasun Ikerketako Institutuak babestu dituzte programa eta ikastaroa. Gainera, Irakaskuntza Medikoaren, Prestakuntza Jarraituaren eta zerbitzu kirurgikoen lanari eta hornitzaileekiko aliantza estrategikoari esker abiarazi ahal izan da.

Noticia anteriorMuskizen, Buenavistan eta Mamarigan txandak kudeatzeko sistema
Noticia siguienteLaguntzen