Urtarrilean, mikrokirurgiako prestakuntza-programa abiarazi dugu, Kirurgia Plastikoko zerbitzuko Jaime Caramések koordinaturik. Programaren lehen edizioan bigarren eta hirugarren urteko zortzi mediku egoiliarrek hartu dute parte, hain zuzen ere, espezialitate hauetakoak: kirurgia orokorra, oftalmologia, aurpegi-masailetako kirurgia, kirurgia plastikoa, ginekologia, otorrinolaringologia, neurokirurgia eta kirurgia pediatrikoa.
Egoiliarrek eta kirurgialari espezialistek simulazioak eta entrenamenduak egitea funtsezkoa da kirurgiako gaitasunak garatzeko eta mantentzeko. Ildo horretan, ikastaroko oinarrizko zati bat kirurgiako espezialitate guztietan bera izan da eta modelo simulatuak eta biziak erabili dituzte. Zati espezifikoan, ordea, animalia-modelo esperimentalak erabili dituzte, ebaluatze-sistema egituratu batekin, kirurgia-prozesuko gaitasun-mailak zehazteko.
Lehen edizioko parte-hartzaileek oso ondo balioztatu dute ikastaroa. Bigarren edizio bat antolatu dute martxoaren 6 eta 7rako. Nabarmentzekoa da programa eta ikastaroa bera Gurutzetako ESIko Zuzendaritza Medikoak eta Zerbitzu Kirurgikoen Zuzendariordetzak eta BioCruces Institutuak babestu dutela. Hori guztia irakasle medikoei, etengabeko prestakuntzari, kirurgiako zerbitzuei eta hornitzaileekin lortutako itun estrategikoei esker gauzatu ahal izan da.