Biocruces Bizkaia Institutuko Immunopatologiako ikerketa-talde batek «T Cell Activation, Highly Armed Cytotoxic Cells and a Shift in Monocytes CD300 Receptors Expression Is Characteristic of Patients With Severe COVID-19» artikulua argitaratu du Frontiers in Immunology aldizkarian.

COVID-19a fenotipo kliniko ugarirekin agertzen da; horiek, kasu larrietan, erantzun immune disfuntzionalak eta gehiegizkoak dituzte bereizgarri. SARS-CoV-2arekin infektatutako pazienteen sistema immunologikoaren egoerari buruzko emaitza asko deskribatu badira ere, oraindik ere badago zer ezaugarritu eta zer ulertu.

Biocruces Bizkaia OIIk eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak egindako azterlan honetan, COVID-19 arina, moderatua eta larria duten pazienteen kohorte bat analizatu da; osasun oneko kontrolak ere analizatu dira. Fluxu-zitometriako azterlanak egin dira, eta horien emaitzak eta pazienteen ezaugarri klinikoak korrelazioan jarri dira. Datu konbentzionalen analisien arabera bai eta gainbegiratu gabekoen arabera ere, gaixotasun larria duten pazienteek hauek dituzte bereizgarri: aktibazio-egoera handiagoa T zelulen azpimultzo guztietan (CD4, CD8, bikoitz negatiboak eta T zelula helper folikularrak), perforinaren eta B granzimaren adierazpen handiagoa zelula zitotoxikoetan, NK zelula adaptatiboen hedapena eta monozito aktibatu eta heldugabe disfuntzionalen pilaketa –horiek HLA-DRren adierazpen txikia eta CD300 hartzaileen adierazpen-ereduaren aldaketa dituzte bereizgarri–.

Eta are garrantzitsuagoa: korrelazio-analisiak erakutsi zuenez, lotura handia dago zelula immuneen alterazioen eta larritasunaren zeinu klinikoen artean; beraz, SARS-CoV-2 birusaren infekzioak eragindako gaixotasun larriaren bereizgarri diren alterazio immunologiko batzuk identifikatu ahal izan dira.

Azterlan honetan lortutako emaitzek COVID-19 larriaren immunopatogenesia ulertzen lagunduko dute.

Jatorrizko artikulua