Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIk Bizkar Eskola proiektua abiarazi du Portugaleten, eta lunbalgia mekaniko edo ez-espezifiko errepikatua izan duten hamalau lagun ari dira parte hartzen. Ekimena jarreren, ariketaren eta bizi-ohitura osasungarrien bitartez norberaren burua zaintzeko programa baten jarraipena da. Helburu hauek ditu: gerrialdeko mina gutxitzea, minaren kontrako farmakoen kontsumoa murriztea eta ekimenak pazienteen bizi-kalitatean zer eragin duen aztertzea.
Bi saio teoriko dira, bizkarreko oinarrizko anatomiari eta jarrera-higieneari buruzkoak. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko hainbat osasun-zentrotako osasun-langileek ematen dituzte saioak; hauek, hain zuzen: Buenavista osasun-zentroko LMAko mediku Silvia Palomok, Errepelegako osasun-zentroko erizain Marisa Fernándezek eta Balmasedako EAGko mediku Loli Martínezek.
Zati teorikoaren ostean, zati praktikoari ekingo zaio Portugaleteko Pando-Aisia udal-kiroldegian, eta, oraingoan, kirol-teknikari batek zuzenduko du saioa. Astean bitan ematen dira saioak, sei hilabetez, eta, bertan, luzatze-ariketak eta jarrera-ergonomia lantzeko ariketak egiten dira.
Zati praktikoa amaitu ondoren, amaiera-saio bat egingo da ekaineko bigarren astean, eta osasun-langile batek parte-hartzaileen prozesua ebaluatuko du.