Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak bere Sailak Esklerosi Anizkoitzari heltzeko alderdi guztiak sendotzeko duen konpromisoa berretsi du.
Murgak, gaur, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren fundazioak gaixotasunaren inguruko Mundu Eguna dela eta Bilbon antolatu duen jardunaldian parte hartu du, eta eremu horretan lan egiten duten euskal elkarteei babesa erakutsi die. Horrela, gaixotasun hori jasaten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten funtsezko eginkizuna nabarmendu du. Gaixotasunaren frekuentzia gero eta handiagoa da; 100.000 biztanleko 120 kasu inguru daude, eta emakumeetan ohikoagoa da.
Euskadi erreferentziazko erkidegoa da asistentzia-eremuan; erreferentziazko zentroa dago bertan, Basurtoko Unibertsitate Ospitalea, eta Osakidetzako ospitale guztiek dituzte erreferentziazko medikuak esklerosi anizkoitzean, eta horiek pazienteen etengabeko segimendu zorrotza egiten dute.
Sailburuak esan duenez, euskal osasun-sistemak saiakuntza kliniko ugaritan parte hartzen du estatu- eta nazioarte-mailan, eta, gaur egun, berrogeita hamar ikerketa-proiektu baino gehiago ditu aktibo, ia milioi bat euroko finantzaketarekin. Zehazki, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuek zenbait ikerrildotan lan egiten dute, aldi berean eta elkarren osagarri. Besteak beste: gaixotasunaren jatorrira bideratzen direnak; kanpo-baldintzatzaileak, esaterako, dieta edo tabakoaren kalteak; haur eta gazteen inguruko ikerketa zehatza; edo xede terapeutiko eta biomarkatzaile berriak bilatzea.
Era berean, Osakidetza aitzindaria da une bakoitzean dagoen medikamentu eraginkorrenak sartzen.
Aldi berean, Nekane Murga sailburuak osasun-ohituren sustapenean sakontzen jarraitzeko beharra nabarmendu du, bai dieta, bai ariketa fisikoa, bai tabakoa uztea.
Osakidetzak 52 proiektu aktibo ditu esklerosi anizkoitzaren inguruko ikerketan
Biodonostia, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuetako ikerketa taldeek gaixotasunaren funtzionamenduan, diagnosian eta bizi-ohiturek gaixotasunean duten eragina ari dira nagusiki aztertzen, eta baita sendagai berriekin nazioarteko saiakuntza klinikoen inguruan ere. Euskadin lankidetza-sarea nabarmentzen da, non elkarrekin lan egiten duten Institutuek eta Achucarro zentroak, BERC (Basque Excellence Research Centre) zentroetako bat hain zuzen ere.
Ikerketa ildoetako batzuk gaixotasuna zergatik eta nola sortzen den ulertzean oinarritzen dira. Horretarako, gure DNAren hizkiak (geneak) aztertzen dira, eta hizki horiek gaixotasuna izateko joera nola eragiten diguten edo hainbat sendagairekiko gure erantzuna aurreikusten nola laguntzen diguten aztertzen da, gaixotasuna monitorizatzen lagunduko diguten biomarkatzaileak baliatuz.