Kabiezeseko anbulatorioa (Santurtzi) Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko zentro bat da. 80 pertsonak lan egiten dute bertan, eta 26.000 herritar inguru artatzen dituzte lehen mailako arretan, eta Santurtziko herritar guztiak arreta espezializatuko kontsultetan. Nabarmentzekoa da 75 urtetik gorakoak herritarren % 14 direla, eta 0tik 13ra urteko haurrak, aldiz, % 12.
Zentro horretan pazienteak artatzen dituzten eta zentroa kudeatzen duten osasuneko hainbat profesionalek lan egiten dute. Kudeaketaren esparru horretan, hobetzeko helburuekin lan egiten dute, arreta-prozesu desberdinetan gertatzen diren gorabeherak berrikusten dituzte, beren lankideak kudeatzen dituzte eta pazienteen iritzia lantzen dute. Kalitateko Taldea osatzen dute. Azken helburua Santurtziko herritarrak zaintzea da, eta osasun-zerbitzuak ematea.
Kalitateko Taldea 15 pertsonak osatzen duten talde handi bat da, diziplina anitzekoa, zentroko ikuspegi guztiak ordezkatzen dituena. Hala ere, 5 pertsonak osatutako kontrol-talde bat dago, eta haren esku kontzentratzen dira zentroko kudeaketa-funtzio nagusiak eta hartu beharreko erabaki asko.
- Egin dizuedan aurkezpenarekin badirudi talde hori zertarako dagoen galderari erantzuten zaiola. Egia al da baieztapen hori?
Esan duzun horretarako guztirako dago. Zehatzago, kontrol-taldeak, asteartero, 12:00etatik 15:00etara, zentroko gorabehera guztiak berrikusten ditu: antolamenduari dagozkionetatik hasi, adibidez profesionalen agendak, eta materialetara, adibidez, matxurak, konponketak… Lehentasuna pazienteen erreklamazioek dute.
Dena dela, gu etengabeko harremanetan gaude, posta elektronikoa, telefonoa… beharrezkoa da zentroa koordinatzeko.
2.- Nola jartzen da harremanetan 5eko taldea kalitateko talde handiarekin?
Kalitateko Taldea hilean behin biltzen da. Guk informazio asko eramaten diegu: helburuak eta horien jarraipena; LMAUko buruen (beste lehen mailako arretako unitate batzuetako buruak) hileko batzordearen laburpena; antolamendu-aldaketa garrantzitsuen berri ere ematen diegu; pazientearen segurtasunaz hitz egiten dugu, bioetikaz, baita Unitateak dituen ingurumen-helburuei buruz ere.
Guztia Zuzendaritzatik lau hilean behin egiten dizkiguten kontrolekin dago lotuta, eta horren berri ere ematen dugu; gure ustez, garrantzitsua da gure kudeaketa gardena izatea.
3.- Talde handi horrek informazioa jaso egiten du bakarrik, pasiboa al da? Beharrezkoa al da ordezkaritza hori?
Informazioa jasotzen dute, baina ez dira pasiboak; eztabaidatu egiten da. Beharrezkoa da talde-mota horretan zentroko ahalik eta pertsona-kopuru handienak esku hartzea; ideia berriak gauzatzeko modurik onena da.
Lan egiteko planteamendu-mota horretan esku hartzen duten alde guztien ikuspegia behar da, kasu honetan, pazienteen osasun-arretan. Talde handiko kideak boluntarioak dira, eta nolabaiteko txandakatzea dago, nolabait positiboa. Talde «formal» bat da, baina ez ditugu talde informaletako alde onak alferrik galtzen; talde handian ere ia denetarik hitz egin daiteke…
Zaila bada ere, beharrezkoa da bilera horien aktak izatea; horietan hartutako erabakiak jasotzen ditugu batez ere. Aktak zentroko kide guztiei bidaltzen zaizkie.
4.- Dituzuen bi lantalde-motak erakunde guztietan nahi dituzten taldeak dira, baina zeregina oso handia da, taldean lan egiteaz gain zuek kontsultak egiten baitituzue edo harrera-gunean egoten baitzarete; denbora asko ez zaizue sobratuko… Nola antolatzen duzue zuen lan pertsonala?
Biltzea oso garrantzitsua denez, antolatzeko modu bakarra ezarritako kronogramarekin zintzoak izatea da, dela denboretan, dela landu beharreko gaietan, dela artatu beharreko pertsonetan.
Kalitateko Taldeko kontrol-taldea, zentroko emergentzietako eskaileretan, beti erne.