Osasun Sailak, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIk eta Trapagarango alkateak «Kerik gabeko ikasgelak» programan irabazle suertatu diren Ezkerraldea-Enkarterriko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak saritu dituzte gaur. Programa hori tabakismoa eskolan prebenitzeko ekimen bat da, eta helburu ikasleen artean tabakoaren kontsumoa saihestea edo atzeratzea du, eta aldi berean, hezkuntza-komunitateko pertsona guztiengana iristea (hezkuntzako profesionalak, senideak), tabakoaren mendekotasuna gainditzea eskaintzeko.

Trapagarango La Escontrilla Eskola Publikoko erabilera anitzeko aretoan egindako ekitaldian, Joseba Bidaurrazagak, Osasun Publikoko zuzendariordeak, Juan Miguel Campayok, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko Integrazioko zuzendariak eta Xabier Cuéllar Trapagarango alkateak «Kerik gabeko ikasgelak» programaren edizio honetan saritutako 522 ikasleen lana aintzatetsi dute. Ekitaldira honako hauek ere agertu dira: Esther Lasa, Enkarterriko Mankomunitateko lehendakaria; Maite Etxebarria, Abantoko alkatea; Saulo Nebreda, Ortuellako alkatea; Borja Liaño, Muskizeko alkatea eta Mikel Torres, Portugaleteko alkatea.

«Kerik gabeko ikasgelak» programa Osasun Sailak, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIk sustatzen dute, Hezkuntza Sailarekin koordinatuta, eta hainbat erakunde eta gizarte-eragileak barne hartzen dituen eskualdearen esku-hartzearekin.

Ikasturte osoan, ikasleek tabakoari buruzko zenbait jarduera egin dituzte, tabakoaren kontsumoa saihesteko, presioari aurre egiten lagunduko dieten tresnak ikasteko eta erretzea ezohikoa eta kaltegarria dela ulertzeko. Horretarako, material didaktikoa, prestakuntza eta programaren arduradunen babesa dituzten tutoreen laguntza izan dute.

Programa Osasun Sailaren prebentzioaren eta osasunaren sustapenaren ildo estrategikoan sartuta dago, zehazki, «Instituzioen arteko koordinazioa bultzatzea, herritarren osasuna hobetzeko» ekimenaren barruan.

Eskualdeko eta tokiko sariak

«Kerik gabeko ikasgelak» programaren edizio honen eskualdeko irabazlea Portugaleteko Nuestra Señora del Carmen Ikastetxeko ikasle bat izan da, eskualdeko bigarren sailkatua Zallako Maristas Ikastetxekoa eta hirugarrena Abantoko Buenos Aires Ikastetxe Publikokoa.

Tokiko sariei dagokienez, Enkarterrin, irabazlea Zallako Maristas Ikastetxekoa izan da; Abanton, Buenos Aires Ikastetxe Publikokoa; Ortuellan, San Felix Ikastetxekoa; Muskizen, Cantarrana Eskolakoa; Portugaleten, Nuestra Señora del Carmen Ikastetxekoa eta Trapagaranen, Franciscanas Montpellier Ikastetxekoa.

Heziketa behar-berezia duten Sopuertako San Viator Ikastetxearen ikasleek ‘Kerik gabeko klaseak’ programan parte hartzeagatik ziurtagiriak jaso dituzte. Zorionak!
Noticia anteriorOsasun Sailak gazteek alkoholaren aurrean duten espiritu kritikoa saritu du
Noticia siguienteBilbon elkartuko dira 31 herrialdetako 100 neurokirurgialari Europako Neurokirurgia Sarearen Bileran