• 5 urtean behin egiten den Osasun Inkestaren bidez, euskal herritarren osasunaren argazki finkoa hartzen da, osasun-arretaren premiak antzematen dira eta baliabideak egokiro esleitzeko bide ematen da
  • Gaur Osasun Kontseiluak aurkeztu duen inkesta 2017ko urriaren eta 2018ko maiatzaren bitartean etxez etxe eginiko elkarrizketen bidez egin da; horretarako, 5.302 euskal etxe hautatu ziren, ausaz

Gaur goizean, jendaurrean jarri dira euskaldunen osasun-egoerari buruzko informazio gehien ematen duten inkesten datuak. Jon Darpón Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun Sailburuordearekin eta Nekane Murga Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariarekin batera, 5 urterik behin Euskadin egiten den inkesta horren datu berriak aurkeztu ditu. Jon Darpónek azaldu duenaren arabera, azterlan hori oso garrantzitsua da; izan ere, “horren bidez euskaldunen osasun-egoera orokorra ezagutzen dugu, lehentasunezko osasun-arazoak identifikatzeko aukera ematen digu, osasun-mailako eta osasun-arretako ekitatea balioetsi dezakegu, gizarte-taldeen osasun-arretako premia berriak ezagut ditzakegu eta premietara egokitzen diren baliabideak esleitu ditzakegu”.

Inkesta horren datuak batzeko, etxez etxeko inkestak egin dira, 2017ko urriaren eta 2018ko maiatzaren bitartean, eta, horretarako, ausaz aukeratu dira 5.302 euskal etxe. Guztira, 12.071 pertsonari egin zaie inkesta. Inkestako parte-hartzea ona izan da; zehazki, % 79koa. Hori dela eta, Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie elkarrizketa egin duten pertsona guztiei, bai eta inkestagileei ere, eginiko lanagatik.

Jon Darpónek esan duenaren arabera, inkesta horri esker eskuratzen den informazioa oinarrizkoa da osasun-programa nagusiak diseinatzeko edo osasun-politiken erronka eta helburu handiak ezartzen dituzten eta jardun-ildo nagusiak planteatzen dituzten osasun-planak diseinatzeko; “EAEko Osasun Inkesta funtsezkoa da Euskadiko osasuneko informazio-sisteman”.

Ezaugarri horiek dituen azken inkesta 2013an egin zen, eta sailburuak gogorarazi duenez: “OIEAE 2013ko emaitzen bidez 2013-2020 Osasun Plana elikatu zuten eta, gaur aurkezten gabiltzan emaitza berrien bidez, bertan proposatu ziren erronkak eta ekintzak ebaluatuko dira, eta gakoak emango dizkigute hurrengo Osasun Plana prestatzeko”.

PO_Osasun_Inkesta

Noticia anteriorBiocruces Bizkaiak eta ESIk Berrikuntzako IV. jardunaldia egin dute
Noticia siguienteBGBK duten pazienteentzako eta haien senideentzako lantegia