Aurten ere urre kolorez argituko da ospitaleko eskailera, haurren minbizia dela eta: minbizia duten adin txikikoen bizi-itxaropena luzatzearen alde.
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIk bere egin du minbizia duten haurrei eta beren familiei laguntzeko Aspanovasen motibazioa:
«Aurten inoiz baino beharrezkoagoa da gizartea minbizia duten adin-txikikoen familien problematikari buruz kontzientziatzea eta minbizia dutenak ikusaraztea. COVID-19ak are aldaketa handiagoa ekarri die haiei; izan ere, minbiziak eta horren tratamenduek sistema immunologikoa ahuldu dezakete eta, beraz, gaixotasun hori dutenak arrisku-pazienteak dira. Minbiziari aurre egitea prozesu oso konplikatu eta mingarria da eta horri gehitu behar zaio prebentzio-neurriak familiengan izaten ari diren eragin emozionala. Beldurrak, larritasuna eta segurtasunik eza izaten dira tratamenduan; bada, egungo egoerak horiek areagotu egin ditu.
Edizio honetan, “ilusioa kutsatu” nahi eta behar dugu. Gure familiek inoiz baino gehiago behar dute ematen diegun itxaropena eta ilusioa, egunero aurrez aurre dituzten beldurrak eta ziurgabetasunak eramangarriagoak izan daitezen egunetik egunera. Minbizia eta horren tratamenduak ez dira gelditu pandemiagatik, baina konfinamenduak are ikusiezinago bihurtu du problematika. Hori dela-eta, denon artean kaltetutako familiak babestu behar ditugu; ondoan gaituztela eta hain une zailetan lasaitasuna eta sosegu pixka bat ematen dien laguntza hori garela senti dezatela».