Ospitaleak EquiLIBRO proiektua jarri du abian, Kirurgia Orokorreko eta Psikiatriako paziente, senide eta profesionalek irakurgaiak eskura izateko. Horretarako, liburuak trukatzeko liburutegi bat sortu du 4.E solairuko itxarongelan.

Proiektu hori Kirurgia Orokorrak eta Psikiatriak, Berrikuntzak eta Osasun Zientzien Liburutegiak garatu dute. Ospitaleko egonaldietan entretenitzeko beste aukera bat da, eta liburuen etengabeko fluxua ahalbidetzen du, irakurtzeko ohitura bizitza osasungarriaren praktika gisa areagotzeko, berrerabilera sustatzen du eta ESIaren humanizazio-programari laguntzen dio.

Oihane Gutierrez Grijalba Kirurgia Orokorreko Zerbitzuko mediku eta proiektu honen bultzatzaile handiak esan digunez: «Irakurketak informaziorako eta ezagutzarako ateak irekitzen dizkigu, irudimena askatzeko aukera ematen digu, eta ihes-balbula gisa balio digu egoera jakin batzuetan, tartean ospitale-egonaldi batean».

Espiritu horrekin sortu zen ekimen hau. «Gaur egun 190 liburu ditu erregistro-zenbakiarekin, nahiz eta apaletan, guztira, 228 liburu egon diren. Gaiak askotarikoak dira: gazte literatura, fikzioa, polizia-nobelak, abentura, fantasia, baina gehien kontsultatzen direnak nobela beltzak, fikziozkoak eta polizia-nobelak dira», Susana González-Larragan liburutegiko dokumentalistak adierazi duenez.

Liburuak 4.D solairuko itxarongelan daude, apalategi batean, eta libreki har daitezke.
Astean bitan, Liburutegi Zerbitzua arduratzen da itxarongelara joateaz eta eraman eta itzuli diren liburuak berrikusteaz. Datu-base bat dauka, gainera, liburuen erregistroa eta kontrola izateko. Era berean, dohaintzan emandako liburu berriak jasotzen dira, forratu egiten dira eta datu-basean erregistro-zenbaki bat esleitzen zaie. Astean bitan, zerbitzuaren erabiltzaileek egindako gogobetetze-inkestak ere jasotzen dira.

Ildo horretan, eta abian jarri zenetik hilabete batzuk igaro ondoren, pazienteak eta senideak oso ondo hartzen ari dira ekimena, inkesta horietatik ateratako datuen arabera. Ekimenarekiko esker ona adierazi dute eta kasuen % 98,83an beste paziente edo senide batzuei liburuak trukatzeko liburutegia erabiltzea gomendatuko liekete. Uste dute entretenimendu-modu horrek, gainera, oneratzen laguntzen duela eta bakardade-sentsazioa gutxitzen duela.

Noticia anteriorOsakidetzak nazioarteko aitormena jaso du, eta osasun mentala hobetzeko europako ekimenaren buru izango da
Noticia siguienteGurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eguneko ospitalearen jarduerari scape-gela erantsi dio, hau da, haurrek ongi pasatzea helburu duen unitatea, pediatria are gehiago humanizatu nahian