Egoiliar berriei ahalik eta harrera egokiena egitea da saritutako praktikaren helburua, eta Euskara Zerbitzuak eta Medikuntzako Irakaskuntzako Unitateak elkarlanean garatu dute.
Urtero 100-120 egoiliar berri hasten dira formatzen EEC ESIan (gehienak medikuak, baina baita biologoak, psikologo klinikoak, farmazialariak eta erizain espezialistak ere). Gainera, egoiliarren kopurua handitzen doa -azken hiru urteotan %20 egin du gora-, eta badirudi horixe dela datozen urteotarako joera.
Profesional berrien artean asko eta asko euskaldunak badira ere, %45 inguru EAEtik kanpokoak dira. Hori guztia ikusita, kolektibo horri erantzun bateratua eman behar zitzaiola iritzi genion.
Egoiliar berrien harrera integrala:
- Euskara Zerbitzuaren Harrera (Pertsonal Sailarekin eta Irakaskuntzako Unitatearekin batera). Helburu bikoitza du:
– EEC ESIaren hizkuntza-irizpideen berri zuzena eta argia ematea lanean hasi aurretik
– Euskararen inguruko informazio praktikoa ematea (profesional elebidunen identifikazioa, euskara-agirien baliokidetza, prestakuntza eta trebakuntza-eskaintza…) - Sentsibilizazio tailerra, Irakaskuntza programa barruan. Kanpoko egoiliarrekin edo euskaraz ezer ez dakitenekin euskararekiko sentsibilizazioa lantzea eta lehen harremana erraztea
- Euskalduntze-eskaintza egokitua ospitalean bertan: A-1eko oinarrizko ezaupideak eskuratzeko aukera ematea.


