Otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna

Zehazki, emakumeen % 66 EAEn Osakidetzako ikerketa-jardueren buru dira, aurreko urtean baino % 1 gehiago

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi egin dute zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duten konpromisoa

Osasun Sailak eta Osakidetzak, aurten ere, haien zentroetako (Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) ikerketa-arloko profesionalekin batera, bat egin dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin; haren helburua da emakumeek eta neskek sektore horretan erabateko sarbide zuzena izatea.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duten konpromisoa eta bikaintasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duten apustua berretsi nahi dituzte. Izan ere, zentzu horretan, zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken sektoreetan urteak daramatza genero-arrakalak, mundu osoan.

EAEn ez da hala; bertan, Osakidetzaren Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroetan bikaintasuneko osasun-ikerketako proiektuak garatzen dituen emakume kopurua gizonena baino handiagoa da. Zehazki, Osakidetzaren zentroetan osasun-eremuan ikerketan murgilduta dauden 2.789 pertsonetatik, % 66 baino gehiago emakumeak dira (2.789tik 1.840).

Igoera hori proiektu horien lidergoa beren gain hartzen duen emakume kopuruan ere ikusten da. Zehazki, ikertzaile nagusien % 53 emakumeak dira (400dik 212).

I+G+b arloarekin zerikusia duen jarduera dela eta, hura % 8 hazi da 2021ean, EAEn. Hori horrela, nabarmentzekoa da garatzen ari den proiektu kopurua –saiakuntza klinikoak barne– % 70 hazi dela azken bost urteotan, bai eta EAEko enpresekin eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteekin elkarlanean eginiko proiektuen kopurua ere –gaur egun 99 dira–.

EAEko osasungintza-sisteman ikerketek honako gai hauei heltzen diete, besteak beste: onkologiako eta neurologiako I+G (% 18 eta % 16, hurrenez hurren); ondoren, hurrenkeraren arabera, mikrobiologiaren eta gaixotasun infekziosoen, endokrinologiaren eta psikiatriaren arloak (arlo horietara bideratutako ikerketa-proiektuen % 6 eta 10 bitartean guztiak).

Gainera, legealdi honetan, osasun-berrikuntza eta -ikerketa sustatzen jarraitzeko, honako estrategia eta tresna hauek onetsiko dira: 2021-2024rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria eta osasun-ikerketarako tresna estrategiko berria, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren esparruan.

 

Noticia anteriorHuMMan proiektua, mieloma anizkoitza duen pazientearen ibilbidea humanizatzea
Noticia siguiente«Juneren Hegoak» elkarteak haurren sarkomari buruzko Biocruces Bizkaiaren proiektu bat bultzatuko du