Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera, Lehendakariak azpimarratu du Euskadin ama-esne bankua abian jartzeak Eusko Jaurlaritzak edoskitze naturalarekin duen konpromisoari erantzuten diola, eta funtsezko aurrerapena dakarrela Euskal Osasun Sistema Publikoan; izan ere, onurak ekarriko ditu euskal gizartearen osasunean eta ongizatean.
Hori horrela, gogorarazi du Euskadiko ama-esne bankuak haur goiztiarrei edo pisu gutxirekin jaio direnei garapenerako nutrizio eta tratamendu egokiak bermatzeko eta emateko aukera emango duela. 2016an, 1.904 haur ospitaleratu behar izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko neonatologiako unitateetan; jaiotza guztien % 10.
Era berean, nabarmendu du esne-bankuaren arrakastaren funtsa izango dela emakumeek esnea ematea; izan ere, litro bat ama-esnerekin 10 haur goiztiarri lagundu dakieke, eta ziur da hala izango dela, Euskadin beste donazio batzuekin gertatu den bezala. Azpimarratu du profesionalen inplikazioa esne-emaileak erakartzeko funtsezko pieza dela.
Gaur hasten da “Ematen duzun tanta bakoitzak maitasun-istorio bat du” informazio- eta sustapen-kanpaina, ama-esne bankua eta haren funtzionamendua ezagutzera emateko.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur goizean, Euskadiko ama-esne bankua bisitatu du; Galdakao-Usansolo Ospitaleko Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroan dago. Aurten aurreikusten da abian jartzea, urriaren 16an, Jon Darpón Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen bezala.
Urkullu Lehendakaria, bisitan, Jon Darpón Osasun sailburuarekin, Maria Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiarekin eta ama-esne bankuko arduradun eta profesionalekin batera egon da, eta bisita egin ondore, nabarmendu du ama-esne bankua funtsezko aurrerapausoa dela Euskal Osasun Sistema Publikoan, eta onurak ekarriko dituela euskal gizartearen osasunean eta ongizatean.
Era berean nabarmendu du beste aurrerapauso bat gehiago dela Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak ama-esnea sustatzeko eta bultzatzeko duten konpromiso irmoan, ama-esnea jaioberriarentzat elikagairik onena dela jakinik –beti defendatu den bezala, baita euskal gizartean ere hainbat elkarteren bidez–, eta are gehiago haur goiztiarra edo pisu gutxikoa denean; izan ere, gorputzak hobeto onartzen du, hesteetako arazo larriez babesten du, besteak beste jaioberriaren enterokolitis nekrosatzailea, eta infekzio-arriskua murrizten du. Horrela, errekuperatzeko, bizirauteko eta garatzeko aukerak hobetzen dira, Osasunaren Mundu Erakundeak, UNICEFek eta umeen zaintzan eta elikaduran inplikatuta dauden sozietate zientifikoek ezartzen duten bezala.
Horrela, Iñigo Urkulluk azpimarratu du Euskadiko ama-esne bankuaren bidez, garapenerako nutrizio eta tratamendu egokiak bermatu eta eman ahalko zaizkiela haur goiztiarrei, 32 aste baino gutxiago dutenei, edo pisu gutxirekin jaio direnei, 1.500 gramo baino gutxiagorekin, baldin eta amek esne nahikoa eman ezin badiete edo mediko neonatologoek adierazitako kasu zehatzetan (gaixotasun kirurgikoa, kardiopatiak eta beste gaixotasun arriskutsu batzuk). Iaz, 1.904 haur ospitaleratu zituzten neonatologiako unitateetan Euskadin, jaioberri guztien % 10. Gaur egun, Euskadin jaio diren 10 umetik bat goiztiarra da eta, horietatik, % 15ek, gutxi gorabehera, pisu gutxi du jaiotzean. (2015eko datuak).
Lehendakariak, aldi berean, nabarmendu du esne-bankuaren arrakastaren funtsa izango dela emakumeek esnea ematea; izan ere, litro bat ama-esnerekin 10 haur goiztiarri lagundu dakieke, eta ziur da hala izango dela, euskal gizarteak beste eremu batzuetan, besteak beste, organoak eta giza ehunak edo odola emateko erakutsi duen eskuzabaltasuna, elkartasuna eta altruismoa aintzat hartuta. Era berean, gainerako donazioetan bezala, esan du osasun-arloko profesionalak funtsezko pieza direla emaileak erakartzeko eta beren inplikazioa ezinbestekoa, emaileak aurkitzeko eta donazioaren onurak azaltzeko.
Ama-esnearen kasuan, ezinbestekoa da pediatren lana, ginekologoena, emaginena eta pediatriako erizainena; izan ere, harreman zuzena dute emakumeekin haurdunaldian eta erditzearen ondoren, kontuan hartuta etorkizunean esne-emaile izan daitezkeela. Esne-emaileak aurkitzeko eta Euskadiko ama-esne bankua eta haren funtzionamendua ezagutzera ematen laguntzeko, Osasun Sailak, gaur, informazio- eta sustapen-kanpaina jarri du abian, eta Neonatoen, Amatasunaren eta Pediatriaren arloetan banatuko ditu kartelak, liburuxkak eta emaileentzako Gida, bai eta Osakidetzako ESIetako pediatriako kontsultetan, emaginen kontsultetan eta pediatriako erizaintzako langileen kontsultetan ere.
Horrela, “Ematen duzun tanta bakoitzak maitasun-istorio bat du” kanpainak erraz azaltzen du ama-esne bankua zer den, nork eman dezakeen esnea, nor izango den esne horren onuradun, zer egin daitekeen esne-emaile izateko eta nola ateratzen den esnea, nola biltzen den eta nola garraiatzen den emandako esnea, eta labur gogorarazten ditu eta argitzen ditu ama-esnearen emaile izateko betekizunak.
Euskadiko ama-esne bankua, funtzionamendua eta prozedura
Europan, ama-esnearen aldeko kultura duten herrialde batzuetan, esne-bankua dago, besteak beste, Holandan edo Portugalen, edo batzuk dituzte, esaterako, Italiak eta Frantziak eta herrialde eskandinaviarrek. Estatuan, 10 autonomia-erkidegok esne-bankuak dituzte, eta, horietatik, oso gutxik dute erkidego osoari banatzen dion bankua. Hori izango da Euskadiko kasua; izan ere, neonatologiako unitateak dituzten sare publikoko ospitaleen bidez –Txagorritxu, Gurutzeta, Basurto eta Donostia– Euskadi osoa izango da onuradun.
Ama-esne bankuak beren haurrei bularra ematen dieten emakumeek emandako ama-esnea jaso, prozesatu eta banatuko du, eta ama-esnea kalitateko bermeaz aztertzeko eta prestatzeko espezializatuta dago. Emandako esnea, prozesatu ondoren eta segurtasun-berme guztiarekin, neonatologiako unitateetan dauden jaioberriei emango zaie, betiere ekipo medikoak hala aginduta eta modu anonimoan.
Esnea ematea eskuzabaltasunez egiten da, modu anonimoan, boluntarioa eta altruista da, eta ez da inolako etekin ekonomikorik jasotzen, eta esne-emailea edozein emakume osasuntsu izan daiteke, bizimodu osasuntsua duen edozein, bere haurrari bularra zailtasunik gabe ematen ari dena eta ama aurreko hiru aste eta 6 hilabeteen artean izan dena.
Emaile izateko, Euskadiko ama-esne bankuarekin jarri behar dugu harremanetan, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00 etara. Horretarako, 94 4579375ra deitu, bancodelecheeuskadi@osakidetza.eus helbidera idatzi, edo bestela, gure ohiko osasun-arloko langileekin kontsultatu, (pediatra, emaginak, erizaintzako profesionalak…) profesional batekin hitzordua ezartzeko. Profesional horrek esnea eman nahi duen emakumeari lagunduko dio bizi-ohitura osasuntsuei eta aurrekari medikoei buruzko galde-sorta laburra erantzuten. Bisita horretan, odola aterako diote, transmiti daitekeen gaixotasunik ez duela egiaztatzeko, eta baimen informatua sinatuko da.
Hortik aurrera, emakume esne-emaileak esnea emateko behar den material guztia jasoko du, inolako kosturik gabe, bai eta esnea emateko beharrezko informazio guztia ere. Ama emaileak harremanetarako profesionala izango du, laguntzarik beharko balu.
Azkenik, ez da beharrezkoa esne-kopuru zehatza ematea, ez eta denbora-tarte jakin batez ere. Esnea emateari uzteko egin beharko den bakarra da esne-bankua ohartarazi.