Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk, inauguratu du Eibar Ospitale berria, eta berarekin izan dira Osasun sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgica eta 130 gonbidatutik gora, horien artean hainbat erakundetako kargudunak eta Debabarrena eskualdeko eta Gipuzkoako ordezkariak.

Inaugurazioko ekitaldian datorren astelehenean, urriak 29, abian jarriko den ospitale berriaren instalazioak bisitatu dira. Bisita horretan Iñigo Urkulluk adierazi duenez, “gaur Eibarko Ospitale berria ireki dugu, Osakidetzaren 35. urteurreneko ospakizun ekitaldiei jarraipena emanez” eta “urrats bat aurrera egin du gure herriak osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitate onekoaren aldeko apustuan”.

Bestalde, azaldu duenez, “ospitale hau Euskadin azken hiru urteetan abian jarritako bigarrena da. 2016ko uztailean Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea inauguratu genuen”. Eta nabarmendu duen bezala, “Eusko Jaurlaritzak azken bi urte hauetan 131 milioi euroko inbertsioa egin du osasun azpiegituretan eta punta-puntako ekipamenduetan”.

Zerbitzu berri hauetan 31 milioi euro inbertitu dira, 27 obretan eta 4 ekipamenduetan. Zerbitzu horiek urtean 7,3 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 75.000 lagunetik gora artatu ahal izango dituzte. Bertan 200 profesional baino gehiagok lan egingu du, eta 97 lanpostu berri sortu dira.

Ildo beretik adierazi duenez, “azpiegitura berri bat abian jartzea erronka bat da profesionalentzat, eta horrek ilusioa ekartzen du. Osakidetzaren profesionaltasuna, euskal gizartearen babesarekin batera, zerbitzua hobetzen jarraitzeko gakoa da”.

Lehendakariak azpimarratu egin du “erakundeen, udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza. Elkarrekin lan egiteak herritarrei eskaintzen diegun zerbitzua hobetzen laguntzen digu”.

Azkenik, lehendakariak aintzat hartu nahi izan ditu “urte hauetan ospitale berri hau egin ahal izateko lanean jardun duten Osasun Saileko eta Osakidetzako kideak. Baita ere irisgarritasun, teknologia eta ekipamenduari dagokionez punta-puntakoa den eraikin hau diseinatu eta egin duten profesional talde eta langileak ere”.

Bukatzeko adierazi duenez, “elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, auzolanean, guztien onura, osasun eta ongizatean aurrera eginez”.

Noticia anteriorGripearen aurkako txertaketa kanpaina, 2018
Noticia siguienteBest in Class 2018, saria