Ospitaleko Kirurgia Pediatrikoko Zerbitzuak saiakuntza kliniko bati ekin dio, Ospitaleko 3D inprimaketa-plataformarekin, Biocruces Bizkaiarekin eta Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin batera. Saiakuntza horretan, fotogrametria-teknikan oinarrituriko 3D eskanerra erabiliko da, hiru dimentsioko eredu informatiko bat lortzeko. Hala, ez dira pazienteak irradiatu edo anestesiatu beharko. Teknika horrek abantaila klinikoak eskaintzen ditu egungo metodoekin alderaturik, eta zehaztasun handiagoa ematen du ebakuntzari ekiteko.

Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin (UPV/EHU) batera garatu da eta bereziki pertsonalizatu da aplikazio honetarako; hori horrela, aurretik baliatzen diren gailuek ez bezala, irudiak aldi berean eskuratzea ahalbidetzen du, eta, horri esker, saihestu egiten da pazientea immobilizatu beharra edo argazkia pazientea lotan dela egin beharra.

Lantzen ari diren fotogrametria-eskanerraren prototipoari esker, hainbat angelutatik eta denbora-une berean lortu ahal izango dira objektu baten irudiak. Ondoren, irudiok batu eta 3D objektu bat osatu ahalko da, eta, hala, eskaneatutako aurpegiaren irudikapen fidela lortuko da.

Fotogrametriako eskanerraren prototipoa, EHU-ko Ingeniaritza Eskolarekin batera garatutakoa, Biocruces Bizkaia OII-ko 3D inprimatze-laborategian.
Eskanerraren bidez lortutako 3D irudia
Hiru dimentsioko irudi bat ikus dezakegu, triangelu askotatik sortutako solido bat bezala, interes klinikoko eremua irudikatzen duen bereizmen handiko 3D formatuko irudia lortuta.
Aurpegiko maskarak, 3D teknologiarekin inprimatuak eta erreferentziazko puntu anatomikoekin brokatuak

Teknika hori diagnostiko-tresna gisa erabiltzeak hainbat abantaila ekarriko ditu:

  • Modu zehatzagoan egitea pazientearen bilakaeraren jarraipena eta analisia. Gaur egun, 2D argazkiekin egiten da jarraipen hori.
    • Ebakuntzak planifikatzea: ezpainetako fisura zuzentzeak pazientearen gaineko diseinua eskatzen du, erreferentzia-puntu batzuk oinarri harturik. Horiek aldez aurretik egin daitezke 3Dko diseinuarekin.
    • Gerora kirurgia-gidak 3Dn inprimatzen uztea, ebakuntzan laguntza eta erreferentzia gisa erabiltzeko.

Ikerketa hau hasi dira lehendabiziko pazienteekin egiten, eta ezpainetako fisura duten hogei adingabek parte hartuko dute.

 

Noticia anteriorEguneratze-ikastaroa: PICC kateterraren eta PORT-A-CATH erreserborioaren zaintza- eta mantentze-lanak
Noticia siguienteEsker on