Ostomizatuen Nazioarteko Egunaren harira, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak “Heroiak” argazki-erakusketa ibiltaria hartuko du. Hollister enpresak eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak sustatzen dute erakusketa eta GESTO izeneko estomaterapeuten lantaldearen proiektuaren barruan kokatzen da, ostomiari eta estoma bat daramaten pertsonei ikusgarritasun handiagoa emateko eta estomaterapian adituak diren erizainek egiten duten lanaren garrantzia nabarmentzeko.
EAEn, gutxi gorabehera, 3.200 paziente ostomizatu daude. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, azken bost urteotan batez bestean kanporatzeko ostomia digestiboa duten 130 pertsona berri daude urtero, gutxi gorabehera.
Sarrera nagusiko atondoan egongo da erakusketa, irailaren 29tik urriaren 5era bitartean, eta hamahiru panel handik osatuko dute, non argazki eta istorio pertsonalak azalduko baitira, ospitaleko pazienteenak barne. Álvaro Laiz argazkilari ospetsuak egin ditu argazkiak, eta horien helburua da gizartean ostomia normalizatzea, bai eta profesionalen nahiz senitartekoen laguntzak duen garrantzia ikusaraztea ere.

Ekimena osatzeko, ospitaleko Estomaterapia Unitateak hitzaldi eta informazio-tailerrak antolatu ditu. Paziente, senitarteko eta profesionalei zuzenduta egongo dira eta estoma ezarri osteko nutrizioa nahiz larruazalaren zainketak izango dira hizpide.
Urriko lehen larunbatean da Ostomizatuen Nazioarteko Eguna, eta egun horren harira aldarrikatu nahi dira paziente ostomizatuen gizarteratzea, autonomia nahiz oztopoak gainditzeko gaitasuna. Horiek horrela, herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu ostomiak duen eragin fisiko eta emozionalaz, bai eta estigmari aurre egin eta laguntza sanitario nahiz sozialaren beharraz kontzientziatu ere. Erakusketa honen gisako ekintzen bitartez, gizartearen begirada zabaltzeaz gain, aurrera egin nahi dugu ospitalearen ingurunea humanizatzen.
Aurten, efemeridea bat dator zentro honetako mugarri batekin; izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Estomaterapia Unitateari humanizazio-jardunbide egokien HU-CI/AENOR nazioarteko ziurtagiria eman berri diote, eta hori lortu duen lehen euskal unitatea eta Estatuko bigarrena da. Ziurtagiri horrek ospitaleak arreta osoarekin, pertsonalizatuarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa berretsiko du, zeinak aintzat hartzen baititu paziente ostomizatuen eta beren familien beharrizan fisiko, emozional eta sozialak.



