Egiturazko alomentu baten euskarri biomekanikoa –emandako hezur bat, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik etorria– peroneko automentu baskularizatuen propietate biologikoekin konbinatzen du Capanna teknikak.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea da teknika hori erabiltzen lehena Osakidetzaren sarean; gainera, Espainiako estatuari gagozkiola, teknika hori sorospen-bolumen handiko ospitaleek baino ez dute egiten, hala nola Vall d’Hebron, La Paz, Carlos Haya eta Virgen del Rocío ospitaleek.

Urtetako bilakaera izan duen osteomielitis kronikoa zuten hiru pazienteri egin zaie ebakuntza gure ospitalean teknika horren bidez, eta emaitza ezin hobea izan da hiru kasuetan. Lehendik beste ebakuntza ugari egin zitzaizkien paziente horiei, baina huts egin zuten, eta irtenbide bakarra anputazioa zen.

Halako pazienteak diziplina anitzen bidez tratatu behar dira, eta zenbait zerbitzu egoten dira sartuta: Kirurgia Plastikoa eta Kirurgia Ortopedikoa, Gaixotasun Infekziosoak, Erradiodiagnostikoa, Mikrobiologia eta Transplanteen Koordinazioa.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak –Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren parte da– Capanna teknika berritzailea erabiltzen du. Teknika horren bidez, beheko gorputz-adarretako hezur-akats handietan, hau da, tumore, hezur-infekzio eta traumatismoetan, edo hezurren eta zati bigunen galera handietan, berregitea lortzen da. Gure Ospitalea da teknika hori erabiltzen hasi den lehena Osakidetzaren sarean; gainera, Espainiako estatuari gagozkiola, teknika hori sorospen-bolumen handiko ospitaleek baino ez dute egiten, hala nola Vall d’Hebron, La Paz, Carlos Haya edo Virgen del Rocío ospitaleek.

Egiturazko alomentu baten euskarri biomekanikoa –emandako hezur bat, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik etorria– peroneko automentu baskularizatuen propietate biologikoekin konbinatzen du Capanna teknikak (alomentu bizi berri bat sortzen saiatzea da horren helburua). Teknika horren bidez, alomentuaren barnean peroneko mentu autologo bat –automentua edo pazientearen beraren mentua– sartu, eta arteria- eta bena-sistemarekin konektatzen da mikrokirurgiako teknikaren bidez.

Akats handietan hezur-alomentu masiboen bidez berregiteak baditu bere abantailak, hala nola tokiko hezur-erreserba lehengoratzen da eta, halaber, errazagoa da muskulu- eta lotailu-egiturak berriz ainguratzea (teorikoki, funtzionaltasuna hobetzen du horrek). Alomentuek berregite iraunkorra ematen diote pazienteari, aldamio biologikoak izango balira bezala funtzionatzen baitute; hala, tokiko hezurrak inbaditu egiten du aldamio hori, eta ostalariak poliki-poliki bereganatu egiten du.

Duela ez hainbeste, hezurretako tumoreak edo infekzio kroniko errepikariak diagnostikatzen zirenean, anputazioa zen aukera bakarra. Geroago, tumore-protesiak sortu ziren; horiei esker, pazienteei ez zitzaien gorputz-adarra anputatzen eta, gainera, funtzio on samarra manten zezaketen. Hala ere, urteak igaro ahala, tumore-protesiak laxatu egiten dira, palanka-besoa jasaten dutelako, eta, protesiak ordezten direnean, geratzen den hezurra are gehiago gutxitzen da.

Bestalde, alomentuek, berez, gutxitan iraun ohi dute, ez dutelako ez zelularik ez odol-hodirik. Ildo horretan, Capanna teknikari esker, mentuak gehiago irauten du eta konplikazio gutxiago gertatzen dira, alomentu baskularizatuen bidez egiten baita.

Orain arte, urtetako bilakaera izan duen osteomielitis kronikoa zuten hiru pazienteri egin zaie ebakuntza Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean teknika horren bidez, eta emaitza ezin hobea izan da hiru kasuetan. Lehendik beste ebakuntza ugari egin zitzaizkien paziente horiei, baina ebakuntza horiek huts egin, eta irtenbide bakarra anputazioa zen. Halako pazienteak diziplina anitzen bidez tratatu behar dira, eta zenbait zerbitzu egoten dira sartuta: Kirurgia Plastikoa eta Kirurgia Ortopedikoa, Gaixotasun Infekziosoak, Erradiodiagnostikoa, Mikrobiologia eta Transplanteen Koordinazioa.

3D inprimaketa, ebakuntza aurreko plangintzarako

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak bioereduak sortzen lan egiten dute; bioeredu horiek ebakuntza aurreko plangintzan eta entrenamendu kirurgikoan erabiltzen dira, eta hori oso lagungarria da kirurgia-denborak murrizteko.

Pazientearen bioeredu pertsonalizatu bat izateak, gainera, ebakuntza planifikatzerakoan hobeki komunikatzea eta ulertzea ahalbidetzen dio bai pazienteari berari, bai talde klinikoaren parte bati. Gainera, ebaketa-gida pertsonalizatuak diseinatzea eta garatzea ere errazten du, elementu horiek kirurgiaren barruan euskarri gisa erabil baitaitezke, eta horrek ebakuntzan segurtasun eta zehaztasun handiagoa dakar.