Play Zone guneak adingabeentzako ingurune abegikorragoa sortzen du, ohitura osasungarriak sustatzen ditu eta gaixotasuna ulertzen laguntzen die familiei
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak diabetesa duten umeen itxarote-gela egokitu du abegikorragoa izan dadin eta ohitura osasungarriagoak sustatzeko, bai eta familiei beren seme-alaben gaixotasuna ulertzen laguntzeko ere. Lilly enpresarekin eginiko lankidetza-hitzarmenari esker, ospitaleak Play Zone izeneko jolaserako eta prestakuntzarako gunea sortu du bere instalazioetan, umeak, jolasen eta hezkuntza-materialen bitartez, medikuaren edo erizainaren kontsulta baino lehen jostatu eta lasaitu daitezen.
Adingabe bati diabetesa diagnostikatzen zaionean, ohikoa da astean behin edo bitan, hasieran, eta bi edo hiru hilean behin tratamendua egonkortuta dagoenean, joan behar izatea ospitaleko Pediatriako Endokrinologia Zerbitzuko kanpoko kontsultetara. Play Zoneren tankerako jolasgunea ezarriz, ospitalera sarri joateak umeei eragiten dien estres-maila murriztea da asmoa.
«Gune berria lagungarria da umeak lasai eta entretenituago egon daitezen kontsultan itxaroten duten bitartean. Lasaitasun horrek arreta hobea eta onberagoa eskaintzen laguntzen du, ezbairik gabe», nabarmendu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Endokrinologiako arduradun Itxaso Rica doktoreak. Zerbitzu horretara 7.000 adingabe joaten dira urtero, eta uneotan 1 motako diabetesa duten 140 umeri ematen die arreta.
Coco diabetesa duen Disneyren lehen pertsonaiaren adibidearekin ikasiz
Play Zone gunean jolasak, mahaiak eta aulkiak daude gaztetxoak jostatzeko eta margotzen aritzeko, baita irakurtzeko eremuak ere; diabetesa duen Disneyren lehen pertsonaia den Coco tximinotxoa protagonista duten ipuin hezigarriak aurkituko dituzte horietan. Ipuin horiek, hizkuntza atsegina eta arina baliaturik, Cocok adin horretako gainerako umeen bizimodu bera egin dezakeela azaltzen dute, gaixotasuna planifikatu eta ezagututa betiere.
Tximinotxoa telebistako marrazki bizidunetan agertzen da jada Mickeyren beste lagun ezagun guztiekin batera; era horretan, ospitalera doazen eta kontsultaren zain Play Zone gunean gelditzen diren umeek aiseago ezagutuko dute pertsonaia. Diabetesaren kontrol bikaina izaten ez ezik, Cocok egoera normaltasunez onartzen ere irakasten die adingabeei.
«Diabetesa duten umeei zainketa espezifikoekin bizimodu osoa izan dezaketela ikusaraztea funtsezkoa da gaixotasun horrek egunerokoan izan dezakeen eragina txikiagotzea lortzeko. Cocoren adibidearen bitartez, paziente gazte horiek modu erraz eta jostagarrian ikasiko dute diabetesa zer den eta harekin nola bizi daitezkeen», azaldu du Lillyko gai korporatiboen zuzendari Teresa Millánek.
Gaixotasunaren aurreko mezu positiboa emanez diabetesak haurrengan duen eragina murrizteko Lillyk eta Disneyk 2011n mundu osoan lortutako hitzarmenari esker sortu zen pertsonaia.
Jarduketa hau pertsonak osasun-sistemaren ardatz izan daitezen Osakidetzaren estrategiaren barnean dago, eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIk asistentzian tratua, erosotasuna eta antolamendua hobetzeko duen helburuaren fruitu da.